“Bide-ingeniaritzako euskal emakume aitzindariak” erakusketa gaur arratsaldean irekiko da Bilbon, Bide Ingenieritzako Elkargoaren egoitzan

2023/06/27

Laura Irasuegui Otal eibartarra izan zen Euskal Herriko lehenengo emakume kolegiatua Bide, Ubide eta Portu ingeniarien Elkargoan.

Erakusketan, gizonezkoak betidanik gailendu diren diziplina batean, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzan,  emakumea nola barneratu den azaltzen da, bi euskal emakume aitzindariren istorio berezi bezain apartaren bidez: Laura Irasuegui eta Araceli Sánchez. Biak “gerrako umeak” izan ziren, 1937ko ekainean Santurtziko portutik abiatu eta Leningradora bidalitako umeak.

Laura Irasuegui Otal Eibarren jaio zen 1923ko azaroaren 26an eta Errenterian zendu 2016ko urriaren 6an. Hamahiru urte zituela, Habana itsasontzian sartu zuten Santurtziko portuan, 1937ko ekainaren 12an, eta Óbninsk herriko umeen etxera iritsi zen, Leningradotik 100 bat kilometrora. II. Mundu Gerra baino lehen, Leningradon ari zen ikasten eta hango blokeo (1941-1944) izugarriaren lehen urtea bizi izan zuen harik eta 1942an  Ladoga laku izoztutik kamioietan irtetea lortu zuten arte. Kaukaso aldera eraman zuten eta lanean aritu zen etengabe zetazko hariak ateratzen, gerrarako paraxutak egiteko; azkenik, Tblisira heldu zen. Gerra amaitu zenean, Moskura bidali zuten eta hango Errepide Institutuan burutu zituen Bide Ingeniaritzaren ikasketak. Han eman zituen bere lehen urratsak bide-ingenieritzaren alorrean eta han ezkondu zen Anselmo Bárcenarekin eta alaba bi izan zituen, Cristina eta Elena. Azkenik, 1956ko irailean bueltatu ziren eta familia Errenteriara joan zen bizi izatera. Ez zuen itzulera erraza izan: lehendabizi, Bide, Ubide eta Portu Ingeniaritzako ikasketen konbalidazioa egin behar izan zuen, eta konbalidazioa lortu eta handik urte askotara,  1977an, Bide, Ubide eta Portu Elkargoan kolegiatu ahal izan zen; bera izan zen kolegiatu zen lehenengo euskal emakumea.  Sasoi hartan  bi andrazko bakarrik ziren karrera hori zutenak, bera eta Araceli Sánchez.

Valentziako Cátedra Demetrio Ribes unibertsitate-zentroak 2021ean prestatu zuen erakusketan oinarritu da oraingo erakusketa hau. Bertan, Euskal Herriko Bide, Ubide eta Portu Ingeniaritzako Elkargoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jardun dute lanean. Gaur arratsaldeko irekiera-ekitaldian, besteak beste, Elena Bárcena Irasuegi Literaturako eta Gaztelerako irakaslea arituko da berbetan bere amaren inguruan. Erakusketa zabalik izango da bihartik aurrera Euskadiko Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoak Bilbon duen egoitzan (Juan Ajuriagerra kalea 35), goizeko 9:00etatik 14:00etara.

Laura Irasuegui eibartarraren eta Araceli Sanchez sestaoarraren historia eredu da,  etorkizuneko belaunaldientzako erakusgarri paregabea.

Bide-ingeniaritzako euskal emakume aitzindariak

etiketak: egoibarra