2019-2020 ikasturtearen aurkezpena hartu du Udal Euskaltegiak

Euskaltegiak 35 urte beteko ditu aurten, eta, hori dela eta, hainbat ekitaldi izango dira hastear dugun ikasturte honetan. “Euskararekin Match! Egin gurekin bat” da aurtengo publizitate kanpainan erabilitako leloa.
Udal Euskaltegian 2019-20 ikasturterako matrikulazio epea zabalik dago. Euskaltegiak 35 urte beteko ditu eskolak ematen, eta hori dela eta, hainbat ekitaldi izango ditugu hastear dugun ikasturte honetan. Lehenengoa ikasturtearen hasiera ekitaldia izango da, urriaren 8an, arratsaldeko 19:00etan, Portaleko Areto nagusian, eta bertan Miguel De Los Toyos Eibarko alkatea eta Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia izango dira. Beatriz Egiazabal klown eta aktorearen bakarrizketaz gozatzeko aukera ere izango dugu bertan.
Aurtengo publizitate kanpainan erabilitako leloa hauxe da: “EUSKARAREKIN MATCH! Egin gurekin bat”. Mezu garbia da, zuzena, euskaraz bizi eta euskara biziarazteko. Hizkuntza aniztasuna duen herri batean bizi gara, eta gaur egun duela hiru hamarkada baino nabariagoa da aniztasun hori, baina eibartarrek betidanik izan dute euskara ikasteko gogoa eta interesa. Arrazoiak hainbat izan daitezke: seme-alabei laguntzeko, lana topatzeko, maila edo perfil bat lortzeko, elkarte edo talde baten partaide izan eta sentitzeko, euskararekiko hurbiltasuna…
Kanpainan erabilitako leloa dela eta, Gipuzkoa eta Bizkaiko udal euskaltegietako hainbat ikasle eta irakaslek bideo txiki bat grabatu dute eta bertan Eibarko Udal Euskaltegiak ere parte hartu du. Dagoeneko ikusgai dago Eibarko Udalaren www.eibar.eus webgunean, Facebooken, Youtuben, eta ziur aski batek baino gehiagok jasoko zuen honezkero whatsapp bidez.
Aurreko 35 urteetan lez, ikasturte honetan ere, Eibarko Udal Euskaltegiak eskaintza zabala dauka: euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak, autoikaskuntza, azterketetarako prestaketa (IVAP, Osakidetza, HABE) eta C1/EGAtik gorako C2 ikastaroak. Gainera, euskaltegiak aukera eskaintzen du titulu ofizialak lortzeko. Klaseak taldeka izaten dira, baina ikasleen beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko asmoz tutoretza zerbitzua ere badago.
Bestalde, aurten ere gurasoentzako eskolak emango dira GURASOAK ERE ESKOLARA kanpainaren barruan. Klase horiek umeen ikastetxeetan edo Portaleko geletan jaso ahal izango dira, Eibarko Euskara Sailarekin eta AEKrekin lankidetzan. Esan beharrik ez dago kolektibo edo talde hori oso garrantzitsua dela euskararen erabilera bultzatzeko ume eta gazteen artean.
Udal euskaltegiaren ordutegiari dagokionez, goizeko 8etan hasi eta gaueko 9ak arte egoten dira klaseak. Gainera, euskaltegiak hainbat dirulaguntza eskaintzen ditu Eibarren erroldatutakoentzat: aurreko ikasturtean asistentzia ona izan duten ikasleek % 20ko deskontua izango dute; ikasleek eta langabetuek ere % 50eko deskontua; jubilatu, guraso, merkatari, eta hainbat enpresatako langileek % 50 gutxiago ordainduko dute; eta badaude % 75eko deskontua izango dutenak ere, DBE edo DBL jasotzen dutenak.
Eibarko Udal Euskaltegiak gogotsu ekin nahi dio ikasturte berriari, 35. urteurreneko ikasturteari, eta ibilbide luze hori merezi duen bezala ospatzeko hainbat ekitaldi, antzerki, lehiaketa… antolatzeko asmoa du, eta dagokionean jakinaraziko du zer prestatuko den.
Eibarko Udal Euskaltegian izena emateko Portaleko 2. solairura joan behar da. Matrikula epea irailaren 25era arte egongo da zabalik. Informazio gehiago nahi izanez gero, euskaltegira deitu (943 700912) edota ondorengo helbide elektronikora mezua bidali: euskaltegia@eibar.eus