2.200 ikaslek hartu dute parte Debabarreneko Eskola Antzerki Erakustaldiaren 38. edizioaren barruan

Debabarreneko Eskola Antzerki Erakustaldiaren 38. edizioaren kartela.

Debabarreneko Eskola Antzerki Erakustaldiaren 38. edizioaren kartela.

2023/05/26

Sei ikuskizun eskaini dira maiatzaren 2tik 24ra bitartean, eta Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, Aldatze, La Salle eta Iturburuko ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte. Itsasoarekiko beldurra, erronkei aurre egitea, immigrazioa, adiskidetasuna eta bakardadea izan dira antzezpenetan jorratu diren gaietako batzuk.

Eibarko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako 2.200 ikaslek hartu dute parte guztira maiatzaren 2tik 24ra bitartean Udalak antolatutako Debabarreneko Eskola-Antzerkiaren 38. edizioan izan diren antzezpenetan.

Erakustaldia amaituta, Udalak jarduera honen emaitzen balantzea egin du, eta, beste behin arrakasta izan duela iritzi diote antzezpenetara joan diren irakasleek, oso modu positiboan baloratu baitute programazioa. Adierazi dutenez, lanak "kalitate handikoak dira eta eskoletako programa osatzen dute”.

Ildoberetik, Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Hainbeste ikasle joatea ekimenak duen arrakastaren seinale da; bestalde, ekimen honen balio pedagogikoa eta hezitzailea nabarmendu behar da, aukera ematen duena haurrek arte eszenikoen bidez gogoeta egiteko”.

Maiatzean Coliseo antzokian programatutako sei ikuskizunetara, euskaraz guztiak, Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, Aldatze, La Salle eta Iturburu ikastetxeetako ikasleak bertaratu dira. Gainera, 15 aktore aritu dira parte hartu duten 5 konpainia profesionalenetan. Antzezlanetan jorratu diren gaiak hauxek izan dira: itsasoarekiko beldurra, erronkei aurre egitea, immigrazioa, adiskidetasuna eta bakardadea.

Gainera, Eibar BHI-ko ikasleek ikasturte honetan zehar landu duten ‘Tren Geltokia’ izeneko antzezlana aurkeztu da, non ikasleek ikasturtean zehar, antzerkia, zirkua eta umorea nahasten dituen muntaia bat sortu duten.

Debabarreneko Eskola Antzerkiaren Erakustaldia Euskadiko haur-antzerkiaren jaialdi zaharrenetako bat da (lehen edizioa 1983an egin zen), eta horri esker bermatzen da ikastetxeetako ikasleek antzerki emanaldi bat ikusi ahal izatea eskola garaian.

Hala, Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “finkatutako proposamen bat da, eta, arte eszenikoak haurrei eskaintzeaz gain, haien adinera egokitutako eta zuzendutako antzezpenen bidez, euskal antzerki-konpainiek beren ikuskizunak ikasleei erakusteko aukera izan dezaten lagundu nahi du”.