Eibarko Udala
kultura

Liburu eta Diska Azoka bueltan izango da, azaroaren 7tik 16ra bitartean

2025/11/06
Liburu eta Diska Azokaren edizio berriaren aurkezpena.
Liburu eta Diska Azokaren edizio berriaren aurkezpena.

Azokak herrian egindako literatura indartu nahi du eta irakurtzeko ohitura sustatu. Udal Liburutegiak adin guztietarako jarduerak antolatuko ditu urte amaiera arte.

Azaroaren 7tik 16ra bitartean, Liburu Azokaren beste edizio bat egingo da Eibarren. Kultura jarduera honen helburua zera da: literaturaren presentzia indartzea bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta irakurtzeko zaletasuna sustatzea haur, gazte eta helduen artean. Azaroaren 16ra arte egongo da zabalik.  

Aurten ere Eibarko Udalak postu bat izango du, non herriko egileei aukera emango dien beren obrak jendaurrean aurkezteko. Ekimen honekin, Udalak herriko talentua babestu eta ikusgai jarri nahi du, eta topagune bat sortu idazleen eta irakurleen artean.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “Liburu Azoka gure herriko urteko kultura-jarduera garrantzitsuenetako bat da. Euskarazko eta gaztelaniazko literatura sustatzeaz gain, elkarrizketa, pentsamendu kritikoa eta jakin-mina bultzatzen ditu. Irakurketa funtsezko tresna bat da hazkuntza pertsonal eta kolektiborako, eta halako ekimenek indartu egiten dute Eibarrek kulturarekin eta heziketarekin duen konpromisoa".

Helburu horrekin, Eibarko Udal Liburutegiak hainbat jarduera antolatu ditu urte amaierarako: besteak beste, helduentzako irakurketa-klubak, etakitto! elkartearekin antolatuak eta Ainhoa Aldazabal Gallastegik dinamizatuak. Euskarazko irakurketa-klubean, azaroaren 11n, Itxaso Martin Zapirainek hartuko du parte Puntobobo lanarekin, eta abenduaren 9an Iker Aranberri Sarasuaren txanda izango da Baden verboten obrarekin. Gaztelaniazko irakurketa-klubean, azaroaren 12an, Uxue Alberdik hartuko du parte La trastienda liburuarekin, eta abenduaren 10ean Marlen Haushoferrek La pared lanarekin.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Udalaren helburua da adin guztietarako jarduera erakargarriak eskaintzen jarraitzea, literatura herritarrengana hurbiltzeko eta irakurle-bokazio berriak pizteko”. 

Haur eta gazteentzako jarduerak ere antolatu dira, hala nola Azalerako ipuinak (1-3 urte bitarteko umeentzat) eta Liburuen poltsa (4-7 urtekoentzat); biak ere Saroa Bikandik dinamizatuko ditu. Horrez gain, Peru Magdalenak zuzendutako Paperezko hegoak —lehen eta bigarren heziketako ikasleentzako proposamena— jardueran, oraindik ere geratzen dira plaza batzuk.

Azokaren harira, Eibarko Udal Liburutegiak 2025eko liburu irakurrienak aurkeztu ditu. Euskaraz, lan hauek nabarmentzen dira: Maitasun kapitala eta Aitaren etxea Karmele Jaiorenak, Hetero Uxue Alberdirena, Krokodiloa ohe azpian Mariasun Landarena eta Miñan Amets Arzallusena. Gaztelaniaz, Liburutegian gehien irakurri diren liburuak hauexek izan dira: El clan Carmen Molarena, La cartera Francesca Giannonerena, Las hijas de la criada Sonsoles Ónegarena, La mujer de arriba Freida McFaddenena eta La mala costumbre Alana S. Porterorena.

Liburutegiko datuek erakusten dute herritarrek gero eta gehiago irakurtzen dutela: 2025eko urtarriletik urrira bitartean 99.668 bisita eta 30.620 mailegu erregistratu dira, aurreko urtean baino gehiago.

Eibarko Udalak eta Udal Liburutegiak eibartarrak gonbidatu nahi dituzte Liburu Azoka bisitatzera eta antolatutako jardueretan parte hartzera, zeinek Eibar eskualdeko erreferente kultural gisa kokatzen baitute.