Udalak kanal propioa sortu du Telegram aplikazioan herritarrei herriko jarduera eta zerbitzuen berri emateko

Telegram-eko logotipoa.

Telegram-eko logotipoa.

2022/11/22

"Eibarko Udala" izenpean, kanal berria udal sailek antolatutako zerbitzu eta jarduerei buruzko informazioa bidaltzeko erabiliko da. Aplikazioa mugikorrean deskargatu eta udal-kanalean harpidetza egin ondoren, erabiltzaileek jakinarazpen bat jasoko dute argitalpen berri bat egiten den bakoitzean.

Aste honetatik aurrera, Eibarko Udalak bere komunikazio-kanal propioa izango du Telegram berehalako mezularitzako aplikazioan, "Eibarko Udala" izenarekin. Tresna berri honen bidez, udal arlo, zerbitzu eta unitateek antolatzen dituzten jarduerei buruzko informazioa bidaliko zaie harpidetzen direnei, bai eta Udalak zuzenean laguntzen dituen jarduerei buruzkoa ere.

Ana Telleria Gobernua Zabalik Ordezkaritzako zinegotzi arduradunaren hitzetan, “gure gizartean teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa dutela eta herritarrak dauden tokian egotea ezinbestekoa dela jakinik, Eibarko Udaletik tresna hori komunikazio-kanal berri gisa erabiltzearen aldeko apustua egiten dugu gure eguneroko lanean”.

Tresna honen ezarpena Udalak programatzen dituen jarduera ugarien zabalkundea eta informazioa hobetzeko helburuarekin sortu da, eta informazio hori modu zuzenago eta gardenagoan irits dadin Eibarko gizarteko sektore guztietara.

Nobedade guztiak eskuratu nahi dituzten pertsonek Telegram aplikazioa deskargatu beharko dute mugikorretatik eta Udalaren kanal berrira harpidetu. Argitalpen berri bat egiten den bakoitzean, aldez aurretik harpidetu diren pertsonek jakinarazpen bat jasoko dute beren telefonoetan.

Kultura eta Andretxea, Telegramen ere presente

Eibarko Udalak Telegramen duen kanal orokor berria ez da bakarra udal mailan, izan ere, aurretik, 2020an, beste bi kanal sortu ziren: Kultura Sailaren kanala, “Eibarko Kultura” izenarekin, eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxearena, “Andretxea Eibar” izenarekin.

Kultura Arloaren kasuan, erabiltzaileek programatutako jarduerei buruzko informazioa jaso dezakete, hala nola antzezlanak, zinema-karteldegia, dantza, haurrentzako jarduerak edo erakusketak. Bestalde, Andretxea kanalari atxikitako erabiltzaileek mota guztietako berriak jasotzen dituzte, ikastaro, hitzaldi, zineforum, jarduera edo erakusketa anitzei buruz.