Udalak gardentasunari buruzko triptikoa banatuko du herriko etxebizitzetan, egindako lana erakusteko

2018/03/01

Ekimena Gardentasunerako Estrategian dago jasota; Gobernu Batzarrak onartu zuen 2017ko azaroaren 10ean egindako bilkuran. Guztira, 13.000 triptiko baino gehiago banatuko dira herriko etxebizitzetan eta landa auzoetan. Kanpaina horren bitartez, kanpo komunikazioa hobetu nahi da, baita udal gardentasunari buruzko komunikazioa sustatzea ere.

Eibarko Udalak 13.077 liburuxka edo triptiko banatuko ditu ostiral honetan, martxoak 2, herriko etxebizitzetan eta landa auzoetan, agintaldian zehar sakonki landu den udal gardentasunari buruzko alderdi edo datu esanguratsuenak herritarrei ezagutzera emateko asmoz. “Zure Udala, gardenagoa eta hurbilagoa” izenburupean, triptikoan jaso dira Udalak 2015 urtetik hona udal web orriko Gardentasunerako atarian eskaintzen dituen informazio ekonomiko-finantzarioaren datu nabarmenenak.

Hala, honako gai hauei buruzko informazioa ematen da: azken hiru urteotako udal aurrekontuen zenbatekoak; udal zorraren egoera –azken hiru urteotan nabarmen jaitsi da, 4.195.752 eurotik 2.795.372 eurora–; edota inbertsioa biztanleko ratioa, 2015etik 2017ra arte. Halaber, grafiko bat jaso da kontzeptu bakoitzaren bilakaera nolakoa izan den modu erraz eta gardenean ikusteko.

Bestalde, liburuxka edo triptikoak herritarrentzat interesekoak diren bestelako datuak biltzen ditu: udal osoko bilkuraren osaera; aurrekontu partehartzaileak aurten, lehen aldiz; edota www.eibar.eus web orriaren bitartez herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua diru-laguntza ezberdinak lortzeko, lan eskaintzetan izena emateko edota tramiteak elektronikoki egin ahal izateko, besteak beste.

QR kodeak bi webgune berrietara iristeko

Amaitzeko, Udalak azkenaldian argitaratu dituen bi webgune berriak bisitatzera gonbidatzen ditu herritarrak, gardentasunari eta udal aurrekontuei buruzko informazio gehiago lortzeko. Triptikoan jasota dauden bi QR kodeak eskuratuta, interesa duen edonor iritsi ahal izango da bere mugikorra erabiliz “Gobernua Zabalik: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak” (eibar.eus/eu/gobernua-zabalik) atari berrira, baita udal aurrekontuak modu erraz eta gardenean ikusteko noradoaznirezergak.eibar.eus webgunera ere.