Ipuruako merkatu zaharreko etorkizuna zehazteko prozesu parte-hartzailea hilaren 21ean hasiko da berriz ere, egun horretan egingo den bilerarekin

Ipuruako Merkatua.

Ipuruako Merkatua.

2020/10/08

Eraikinean bertan egingo da, 18:00etatik 20:30era. Hilaren 21ean egingo den bilerara joan nahi duten pertsonek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Udal jabetzakoa den Ipuruako Merkatu zaharreko eraikinaren erabilera definitzeko eta adosteko prozesu parte-hartzailea hil honetan hasiko da berriro, urriaren 21ean, 18:00etatik 20:30era, eraikinean bertan egingo den bilerarekin. Otsailean eta martxoan egin ziren batzarren ostean, urriko hau izango da prozesu parte-hartzailearen barruan egingo den azkena.

Saioan, merkatu zaharraren eraikina dinamizatzeko antolaketa, eta jardueren eta proiektuen helburuak aztertuko dira, besteak beste. Hala, zehaztu egingo dira zer toki egokitu behar diren azpiegituran, eta, horren arabera, proiektu bat egingo da higiezina berroneratzeko.

Gaur egungo egoera dela-eta, hilaren 21eko bilerara joan nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, saioaren aforoa guztira 20 lagunekoa izango baita. Horregatik, parte hartzeko interesa dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute datu pertsonalekin alkatetza@eibar.eus helbidera, urriaren 19ko 15:00ak baino lehen.

COVID-19aren ondorioz etenaldi bat egon arren, azken hilabeteotan prozesuaren talde eragileak lanean segitu du eta barne-bilerak izan ditu hainbat alderdi zehazten jarraitzeko.

Eibarko Udalak urte hasieran jarri zuen abian Ipuruako Merkatu zaharreko eraikinaren erabilerak zehazteko prozedura. Prozesu parte-hartzaile bat da auzokide batzuen talde-ekimenetik abiatu zena: ‘Ipuruako markatu plaza: auzoko gunea’; egitasmo horren bidez eraikina topagune bihurtu nahi dute, adin guztietako herritarren aldeko aisialdi hezitzailea lantzeko. Prozesu parte-hartzailea aurrera eramateko Emun Aholkularitza taldea kontratatu zen.