Gardentasunaren ataria udal webgunean

2015/07/24

Agintaldi berri honetan sortutako Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren egitekorik nagusienetakoa da Gardentasunaren pegora edo ataria eratzea. Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria herritarrei eskaintzea da helburua.

Agintaldi honetan jaio berri den Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren apusturik sendoenetakoa udal webgunean Gardentasunaren pegora edo ataria sortzea eta martxan ipintzea izan da: Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea du helburu eta xede nagusi. Hartara, herritarrek, erakundeari buruz, antolamenduaren aldetik, plangintzaren inguruan, ekonomiaz, aurrekontuez edo beste zerbaitxoz jakiteko nahi beste datu eskuratzeko aukera izango dute. Horri esker, herritarrak gertuen duen erakunde horretatik, udaletik, hartu eman hurbilago bat izango du; udalak eta herritarrak elkarri dioten konfidantza sendotu egingo da.

Gardentasunaren pegora edo ataria udal webguneko menu nagusian dago txertatuta (http://www.eibar.eus/eu/gardentasuna) eta Gipuzkoa Irekia plataformaren barruan ere badago sartuta(http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/web/eibar/hasiera). Hiru dira pegora edo atari berriak menu nagusian dituen atalak: datu irekiak, gardentasuna eta albisteak.

Lehenengoak, datu irekien atal horrek, datu-katalogoa -10 dataset baino gehiago argitaratu dira- eta datu irekiak eskatzeko formularioa batzen ditu. Era horretan, herritarrak, Udalari buruz eta haren funtzionamenduaren inguruan, datu publiko gehiago eskatu eta kontsultatu ahal izango ditu. Bigarren atalak, gardentasunarenak, gardentasunaren katalogoa biltzen du dokumentuen laguntzarekin –beste agiri batzuen artean hortxe daude 2015eko aurrekontuak, Udalbatzak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiak edo akordioak eta udalak duen ondasun higiezinen zerrenda-. Atal horrek ere badu informazio publikoa eskatzeko formularioa, nahi duenak bete eta Udalari bidal diezaiokeena.

Azkenik, gardentasuna eta udal kudeaketarekin lotutako albistegia aurkituko du erabiltzaileak. Gardentasuneko ataria erabilita, pixkanaka, herritarren eskaerak asetzeaz gain, Estatu mailan herri erakundeen betekizunak ezartzen dituen Gardentasuneko, Informazio Publikoa eskuratzeko eta Gobernu Oneko 19 / 2013 Legea betetzea da helburua.