Gaur, asteazkena, bigarren bilera irekia egingo da Ipuruako Merkatua martxan jartzeko prozesu parte-hartzailean

Ipuruako Merkatuaren irudia.

Ipuruako Merkatua.

2020/03/04

Batzarra, aurrekoan egin zen bezala, Merkatuko eraikinean bertan izango da; 18:00etan hasi eta bi ordu inguru iraungo du. Otsailaren 5ean egindako lehen bileraren akta eta eranskinak eskuragarri daude Udalaren webgunean (www.eibar.eus), Gobernua Zabalikeko "Herritarren parte-hartzea" blokearen barruan.

Joan den otsailaren 5ean Ipuruako Merkatu zaharra erabiltzeko aukerei eta hura kudeatzeko moduari buruz hausnartzeko deitutako bilera irekietako lehenengoa egin ondoren, gaur, asteazkena, martxoak 4, bigarren bilkura irekia egingo da 18:00etan, Merkatuan bertan.

Lehenengo bileraren helburuak –51 pertsona bildu ziren– izan ziren prozesua testuinguruan jartzea eta azaltzea, eraikina erabiltzeko ideiak sortzea eta ideia horiek espazioa antolatzeko moduari buruzko lehen entsegu eta gogoeta partekatuak egitea. Prozesuaren bigarren saioaren ardatza, berriz, Ipuruako etorkizuneko merkatua antolatzeko ereduari buruz hausnartzea eta eztabaidatzea izango da.

Hala, EMUN aholkularitza-enpresako profesionalek —Eibarko Udalak prozesua dinamizatzeko kontratatuak— hasiera emango diote saioari, lehenengo bileran gertatutakoaren laburpena eginez. Ondoren, espazioaren antolaketari eta filosofiari buruzko galderak egingo dituzte. Jarraian, lan-taldeak egingo dira, proiektuan duten interesaren edo inplikazio-mailaren arabera, merkatuaren antolaketa-eredua definitzen hasteko. Amaieran, talde bakoitzean landutakoa aurkeztuko da.  

Prozesuaren talde eragilea honako hauek osatzen dute: proiektua bultzatu duten auzoko bizilagunek, Ana Telleria Eibarko Udaleko zinegotziak eta Emun Aholkularitza enpresako teknikari batek; Adierazi dutenez, ahotsa eman nahi zaie berriz ere lehen bileran parte hartu zutenei, eta gonbidapena egiten dute joan den otsailaren 5ean egon ez zirenek parte har dezaten. 

etiketak: ipurua, parte-hartzea, Eibar