Azaroaren 13an hasiko dira auzo-bilerak bizilagunek beren ideiak edo eskaerak proposatu ditzaten

Azaroaren 13an hasiko dira auzo-bilerak bizilagunek beren ideiak edo eskaerak proposatu ditzaten

Legarre auzoan egindako auzo-bilera.

2018/11/12

Batzarrak beheko aldean hasiko dira eta, azaro osoan zehar, zazpi bilera egingo dira auzoetan.

Herritarren proposamen edo erreklamazioak ezagutzeko Eibarko Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen artean egingo diren bilerak azaroan hasiko dira. Guztira zazpi topaketa egingo dira datorren hilaren 13 eta 28aren bitartean, eta balioko dute, beste urte batez, auzotarrek Udalari beren proposamenak egiteko.

Bileren zikloa behealdeko bizilagunekin hasiko da bihar asteartea, azaroak 13, 19:00etan (ordu horretan izango dira guztiak), Beheko Tokiko Jubilatuen Egoitzan. Hurrengo egunean, asteazkenean, azaroak 14, Legarreren txanda izango da eta batzarra San Andres Egoitzan izango da. Hilaren 15ean, osteguna, Ipurua aldean egingo da auzotarren topaketa bertako Jubilatuen Egoitzan.

Laugarren bilera Coliseo antzokian izango da, azaroaren 20an, erdi-behealdeko biztanleentzat. Azaroaren 21ean Amañako parrokian egingo da bilera auzo horretako biztanleentzat. Azaroaren 27an, Urkiko parrokian egingo da batzarra eta, azkenik, azaroaren 28an amaituko da zikloa Untzagako Jubilatuen Egoitzan, erdiguneko bilerarekin.

Bileren dinamika azken urteotan erabili dena izango da. Udal ordezkaritza bat joango da, jende guztiarentzat irekiak diren bilera horietan parte hartzeko. Udal ordezkariak hauek izango dira: Alkatea bera, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua, eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza arloetako zinegotziak eta teknikariak, horiek baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak.  Mahaian ere, azken urteotan bezala, Ertzaintzako agente bat.

Parte-hartze prozesu horretan jasotzen diren proposamenak aztertu eta jorratu egingo dira, eta ahal den neurrian, udal sailen lanetan txertatuko dira. Herritarren parte hartzea sustatzeko udal planaren testuinguruan, halaber, Udalak martxan jarri ditu "aurrekontu parte-hartzaile" izenekoak; horien bitartez bizilagunek proiektu eta inbertsio dezente aukeratu dituzte, Eibarren datorren urtean egingo direnak.

Auzoko bilerak, aspalditik egiten direnak, ekimen horren osagarri izango dira; izan ere, Udalak aurrekontu parte-hartzaileak sustatu nahi ditu, herritarrak inplikatuz auzoetako inbertsioen erabakietan.  

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, bilera hauekin "eibartarrei aukera ematen jarraitu nahi dugu, herritarrek dituzten ardurak, kezkak, kexak eta iradokizun guztiak udal ordezkarioi zuzenean adierazteko; dagoeneko Udalarekin hartu- emanean jartzeko dauden beste bide batzuen osagarri eta aberasgarri izateko. Aukera hau oso eraginkorra izan da eibartarrentzat, eta oinarrizko ekimen bat da Eibarko herritarren parte-hartzea indartzen eta sakontzen joateko.”