Unben jokatuko da GPS7 Iberdrola 2023 Errugbiko Erreginaren Kopako azken faseko bigarren jardunaldia

GPS7 Iberdrola 2023 Errugbiko Erreginaren Kopako azken faseko bigarren jardunaldia aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

GPS7 Iberdrola 2023 Errugbiko Erreginaren Kopako azken faseko bigarren jardunaldia aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2023/05/24

Lehiaketa asteburu honetan (maiatzak 27 eta 28) jokatuko da eta Eibar Rugby Taldeak parte hartuko du, aurten denboraldi nabarmena izan ostean. Estatu mailako lehiaketa bat da, eta errugbi 7 modalitateko emakumezkoen ekiporik onenak lehiatzen dira.

Unbe kiroldegian jokatuko da asteburu honetan (maiatzak 27 eta 28) Rugby 7 modalitateko Erreginaren Koparen lehiaketaren bigarren jardunaldia, non kirol-modalitate horretako estatu mailako talderik onenak egongo diren. Lehiaketa hiru serie edo jardunalditan jokatzen da herrialdeko hainbat tokitan, eta bigarrena Eibarren izango da.

Unben jokatuko den txapelketaren xehetasunak gaur aurkeztu dituzte Jon Iraola alkateak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, Ander Curiel Eibarko Kirol zinegotziak eta Iñaki Arrizabalaga Eibar Rugby Taldeko presidenteak.

Horrela, Unbe, bigarren urtez jarraian, txapelketa honetako serieetako baten egoitza izango da, eta Jon Iraolak adierazi duenez, “horrek islatzen du emakumezkoen errugbiak eta Eibar Rugby Taldeak azken urteetan gure hirian hartu duten garrantzia; eta, gainera, Eibar kirol honetan beste behin ere erreferente izatea ahalbidetzen du.”

Iraolak, gainera, lehiaketa hau Unben egitea Eibar Kirolaren Europar Hiri izendatzearekin lotu du. “Horrek erakusten du herriak kirol-maila handia duela eta kirol-diziplinen aukera zabala eskaintzen duela. Horrez gain, prestatutako instalazio batzuk ditu, Espainiako Errugbi Federazioa eraman dutenak aurtengo edizioan lehiaketaren egoitzetako bat Eibar izendatzera .”

Bestalde, Telleriak azpimarratu duenez, “ekitaldi honekin Eibar emakumezkoen kirolez betetako asteburu baten egoitza bihurtuko da eta emakumeen kirolak gero eta presentzia handiagoa du Eibarren geroz eta diziplina gehiagotan. Horregatik, zorionak eman nahi dizkiot Klubari denboraldi bikainagatik eta errugbiko Erreginaren Kopa hona ekartzeko ekimenagatik, eta baita Eibarko Udalari ere, hiri honetan horrelako kirol-ekitaldi bat berriro hartzeagatik. Zalantzarik gabe, iazko emaitza ona eta Unbek eskaintzen dituen instalazioak erabakigarriak izan dira Eibarko Udalak bere baliabide eta azpiegitura guztiak kirolaren zerbitzura jartzen dituen lehiaketa hau hona ekartzeko.

“Horrela, gure lankidetzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentutik hori guztia balioan jarri nahi izan dugu”, gaineratu du diputatuak.

Horren harira, GPS 7s Iberdrola Erreginaren Koparen bigarren seriea Eibarren egiteak Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du, 10.000 eta 12.000 euroko ekarpena egiten baitute, hurrenez hurren, ekitaldi honetarako. Gainera, Udalak, ekitaldia garatzeko beharrezkoak diren premia logistikoen jakitun, doan laga ditu Unbeko instalazioak.

Larunbat eta iganderako Unben antolatu diren partidetan emakumezkoen 12 errugbi taldek hartuko dute parte. Ordutegia, maiatzaren 27an, 10:00etatik 17:45era bitartekoa izango da; eta igandean, 9:00etatik 16:45era. Bigarren egun horretan, 17:00etan, eguneko irabazleen sari-banaketa egingo da, eta jokalari onenaren saria ere emango da. Eta egunaren amaieran, ohiko jaia ospatuko da, errugbian ‘hirugarren denbora’ izenez ezagutzen dena.

Hona hemen parte hartuko duten 12 taldeak: CR Sant Cugat, CR Turia, XV Hortaleza, ADI Industriales, Universidad de Sevilla, Eibar Rugby Taldea, Jabatas de Móstoles, Sanse Scrum RC, Energimac Majadahonda, CRAT Residencia Rialta, Complutense Cisneros eta Olímpico Pozuelo RC.

Eibarren Errugbi 7ko Erreginaren Kopako serieetako bat jokatzeko proiektua Eibar Rugby Taldearen ekimen bat izan zen, herrian emakumezkoen errugbia sustatzeko eta klubari eta herriari ikusgarritasuna emateko, estatu mailako izen handiko kirol-ekitaldietan.