Andretxea berria inauguratu da Isasi kaleko 11. zenbakian

Isasi kaleko 11 zenbakian kokatuta dagoen Andretxea (Emakumearen Etxea) berriaren irudia.

Isasi kaleko 11 zenbakian kokatuta dagoen Andretxea (Emakumearen Etxea) berriaren irudia.

2023/03/31

Eraikin berria emakumearen ahalduntzerako garrantzi handiko erreferentzia-puntua izango da, jarduerak garatu eta ezagutza berriak eskuratu ahal izateko.

Gaur ostirala, martxoak 31, inauguratu da Andretxea (Emakumearen Etxea) berria, Isasi kaleko 11. zenbakian.

Ekitaldian izan dira Jon Iraola Iriondo alkatea eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia, beste udal ordezkari batzuekin eta Eibarko Emakumearen Mahaiko ordezkariekin batera.

Eraikinaren barrualdea egokitzeko lanak, duela urte batzuk kanpoaldea zaharberritzeko egin ziren obrekin batera, emakumeen ahalduntzerako garrantzi handiko erreferentzia-puntu bihurtzea lortu dute gune hori, bertan jarduerak garatu eta ezagutza berriak eskuratu ahal izateko.

Horretarako, Berdintasun Sailaren eta Emakumeen Mahaiaren planteamenduak aintzat hartu dira eraikinak dituen zerbitzuak eta espazio-banaketa definitzean, dagoen azalera ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta kontuan hartuta higiezina oso estua dela.

Gainera, eraikinaren alboetako bat berreskuratu da, multzoarekin harmonizatzeko; Astelena pilotalekurako sarbideak ere hobetu dira, eta gaur egun duen baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa egin da; larrialdietako ebakuazioa ere hobetu egin da.

Andretxeko eraikin berriko espazioen banaketa hauxe da: Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartzen da. Han harrera-lekua, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat daude. Lehenengo solairuan Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikoarentzako bulegoak daude, eta baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat.

Bigarren solairuan liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, balioko duena topagune eta prestakuntza-espazio bezala. Gainera, erdisotoan leku txiki bat dago eszenatokitzat erabiliko dena, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko.

Isasi kaleko eraikinaren zaharberritze-lanen kostua —eraikina oso egoera txarrean zegoen—, 700.000 euro ingurukoa izan zen. Orain, barrualdeko azpiegiturak egokitu eta hornitu egin dira.

Gobernu Zentralaren dirulaguntza

Gobernu Zentralak Eibarko Udalari 472.747,50 euroko dirulaguntza bat eman dio Isasi kalean, Astelena pilotalekuaren ondoan, dagoen udal-titulartasuneko eraikinean egiten ari diren lanengatik, Andretxearen egoitza berria barrutik eraberritzeko.

Udalak eskatutako laguntza Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak sustatutako programa batean sartzen da Toki Erakundeek Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko, Next Generation Europako funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dagoena.

Dirulaguntza honen bidez, Andretxeko adjudikazio-obren aurrekontuaren erdia inguru konpentsatzen da. Obra horiek Urdinberri-Viuda de Sainz UTEri adjudikatu zitzaizkion 917.437 eurotan.

Inaugurazioaren eta Andretxea berriaren irudiak

Bideoa: Andretxea berriaren inaugurazioa