'Bularretik mintzora' egitasmoa iritsi da

2016/04/22

Gaur egun Euskadiko hainbat liburutegitan martxan dagoen egitasmoa Eibarrera iritsi da.

Ume txikien irakurketa ohituren sustapena eta euskararen transmisioa egingo da egitasmo honen bidez hiru adar edo zutabe kontuan hartuta: etxea, eskola eta Udal Liburutegia.

Momentuz, San Andres ikastetxea animatu da eta buru belarri dago murgilduta proiektu honetan. Baina datorren ikasturterako animatu dira beste ikastetxe batzuk ere: Mogel ikastola, LaSalle, Arrateko Andra Mari eta Amaña ikastetxeak une honetan. 

EGITASMOAREN PROTAGONISTAK 

ESKOLA, euskarazko haur literaturari lekua eginda eta formazioa jasota literaturaren edukiaz umeekin gozatzeko, kalitatezko testuak erabilita: erritmoa, ahozkotasunaren kadentzia, poesia, narrazioa, jolasak… Haurrentzat ohitura bilakatu dadin literaturari egunero egiten zaion tokia, beraien garapen emozional, afektibo eta intelektuala garatzeko asmoarekin. 

UDAL LIBURUTEGIAK, bere aldetik, egitasmoaren kalitatezko liburuak apropos ipinitako txoko batean erakutsiko ditu, eta umeak gurasoekin etorriko dira eskolan jasotako motxila ibiltarian aukeratutako liburua ETXERA eramateko. Bertan, giro goxoan, aitarekin edo amarekin irakurriko dute. Ipuinaren kontaketan gure esperientzia bital guztia pasatzen diogu haurrari. Orduan haurra bere baitara biltzen da eta hausnarketa horrek konzentrazioan, ulermenean… laguntzen dio. 

Honen guztiaren atzetik GALTZAGORRI ELKARTEA dago, beraiek dira formazioa ematen dutenak, bibliografia prestatzen dutenak eta egitasmo honen iturburua direnak. 

EIBARKO UDALAK diruz lagunduko du egitasmoa EUSKARA SAILETIK, ikastetxeetan eta gurasoentzat emango den formazioa bere gain hartuta. 

Egitasmoaren emaitzak onak dira orain arte. 2016ko lehenengo hiruhilabetean 594 liburu gehiago mailegatu dira umeen liburutegian 2015. urtearen denbora tarte berdinarekin konparatuta. Ea bada denon artean lortzen dugun irakurzaletasuna piztea umeengan euskarazko literatura eta euskararen transmisioa oinarritzat hartuta.