XLIX. Antzerki Jardunaldiak: Eibar emozioen eta talentuaren eszenatoki izango da urtarrilaren 23tik martxoaren 27ra
Programazioa urtarrilean hasi eta martxoan amaituko da, eta publiko guztientzako proposamenak zein formatuak egongo dira. Estatuko izen handiek nahiz Euskal Herriko konpainia eta artistak etorriko dira.
Urtarriletik martxora bitartean, Antzerki Jardunaldien XLIX. edizioa egingo da Eibarren. Hiriko kultura-hitzordu garrantzitsu eta ospetsuenetako honek, ia mende erdiko ibilbidearekin, berriz ere arte eszenikoen erreferente bihurtuko du Eibar, kaleko antzerkia, komedia, drama, tragikomedia, dantza, pailazoak, haurrentzako ikuskizunak eta hausnarketarako jarduera paraleloak biltzen dituen programazio zabal batekin.
Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, “Antzerki Jardunaldiak herriko programazio kulturalaren zutoinetako bat dira, eta udalak kulturarekin duen konpromisoaren isla. Berrogeita bederatzigarren edizioa antolatzea proiektuaren osasun onaren eta publikoaren fideltasunaren erakusgarri da, zeinak kalitatezko proposamen kulturalak baloratzen dituen”. Era berean, hauxe nabarmendu du: “Jardunaldi hauek bertako ikusleak erakartzeaz gain, Eibarko irudi kulturala ere proiektatzen dute gure herritik kanpo”.
Jardunaldiak urtarrilaren 23an eta 24an hasiko dira, kaleko antzerkiarekin, LEKIM Konpainiaren eskutik; arte eszenikoak hiriko hainbat tokitara eramango dituzte, interpreteen eta herritarren arteko harreman zuzenaren alde eginez. Kalean egingo den hasiera horrek markatuko du programazioaren espiritu irekia eta parte-hartzailea.
Otsailaren 9an, “La casa” izeneko inaugurazio-solasaldia egingo da. Aurten Imanol Ariasek —antzerki-munduaren eta ikus-entzutezkoen figura nabarmenetako bat— hartuko du parte. Aurkezpen-lanak Irene Hernandok egingo ditu. Hurrengo egunean, otsailaren 10ean, Mejor no decirlo komedia iritsiko da. Imanol Ariasek eta Maria Barrancok interpretatutako obra honek espektatiba handiak sortu ditu. Otsailaren 11n, Kandidaren txanda izango da, eta otsailaren 21ean Casting Lear obrarena. Otsailaren 22an, Uni Eibarren Contra Ana drama antzeztuko da, eta hilaren 24an eta 26an Nor naizen baneki eta Dysphoria. Otsailaren 27an, Uni Eibarren El peor espectáculo del mundo komediaren txanda izango da, eta otsailaren 28an, Coliseo antzokian, Hodei guztien gainetik haur-ikuskizuna ikusi ahal izango da.
Martxoan zehar ere Antzerki Jardunaldiek programazio zabala izango dute. Martxoaren 1ean, Uni Eibarren Loreen hizkuntza antzeztuko da, eta martxoaren 3an La barraca. Martxoaren 5ean Hasta el último baile iritsiko da; proposamen horrek dantza eta tragikomedia nahasten ditu. Martxoaren 7an A la gloria con Gloria Fuertes ikuskizuna ikusi ahal izango da, eta baita Quimera kale-antzerkia ere; azken horiek Untzaga eta Errebal artean ibiliko dira kalez kale. Kaka komedia martxoaren 10ean izango da, eta martxoaren 11n Antzerkia pantailetan laburmetraien jaialdia egingo da. Martxoaren 14an, Millán Salcedok interpretatutako Preguntamelón lana iritsiko da, eta martxoaren 15ean Uni Eibarren Kolapsoa taularatuko da. Martxoaren 17an 52 hertzio eta martxoaren 18an El Dragón de Oro tragikomedien txanda izango da. Martxoaren 21ean Jasón y las furias antzeztuko da, eta martxoaren 22an Uni Eibarren Cantando bajo las balas. Martxoaren 24an R&J lana ikusi ahalko da, martxoaren 25ean Egin bedi zure nah-ia dantza-proposamena, martxoaren 26an Zanbuila (martxoaren 8ko programazioaren barruan dagoen proposamena) eta martxoaren 27an Maite Lorenzok, Ricardo Izaguirrek eta Juanma Canok aktore eibartarrek El Encargo interpretatutako dute.
Andoni Zabala Kulturako zinegotziak adierazi duenez, "aurtengo programazioak generoen, formatuen eta hizkuntzen aniztasunaren aldeko apustu argia egiten du, euskarazko eta gaztelaniazko ikuskizunekin eta estatuko hainbat lekutako konpainiekin”.
Zabalak, halaber, hauxe azpimarratu nahi izan du: "Garrantzitsua da estatuko izen handiak inguruko artistekin eta konpainiekin konbinatzea, kanpoko proiekzioaren eta tokiko sustraitzearen arteko orekaren alde eginez”. Inaugurazio-solasaldiari dagokionez: "Imanol Arias gurekin izatea balio erantsia da jardunaldietarako, eta aukera paregabea Eibarko ikus-entzuleentzat, antzerkira hausnarketatik eta elkarrizketatik abiatuta hurbiltzeko”.
