XIV. Juan San Martin bekaren irabazlea Josu Martinez izan da

XIV. Juan San Martin bekaren irabazlea Josu Martinez izan da

Juan San Martin bekaren XIV. edizioaren irabazlearen aurkezpena.

2019/11/27

2019ko deialdian bekaren bitartez landuko den arloa Historia izango da. Deialdi honetara 11 proiektu aurkeztu dira eta epaimahaiak aho batez erabaki du proiekturik onena Josu Martinezek aurkeztutako “Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza" izan dela. Proiektu horretan euskarazko zinemaren historia aztertuko du.

XIV. Juan San Martin bekaren deialdira 11 proiektu aurkeztu dira aurten, eta epaimahaiak aho batez erabaki du proiekturik onena Josu Martinez bilbotarrak aurkeztutako "Irudiz eta euskaraz" izenekoa izan dela. Bera Gizarte eta Kultur Antopologian lizentziatua da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktore da.

Aurtengo deialdian landuko den ikerketa esparrua historia izango da eta Josu Martinezek aurkeztutako proiektuak, “Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza”, euskarazko zinemaren historia aztertuko du, hain zuzen ere.

Orain arte, ez da sekula idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta lan horrek hutsune hori bete nahi du. Filmak eta autoreak beren garaiarekin elkarrizketan jarriz, zazpigarren arteak euskararekin izandako harremana aztertuko da, eta horretarako, hamarkadaz hamarkadako ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatuko da.

UEUko ordezkari den Bakarne Altonagak adierazi duenez, “Ikerketa proiektuak puntuaziorik altuena jaso du eta bere kurrikulumak ere bai. Azpimarratzekoa da ere lan honek duen interes akademikoa eta baita gizarte mailakoa ere, kontuan izanik euskarazko zinemaren historiari buruzko azterketarik ez dela egin.”

Helburua, euskarazko ikerketa sustatzea

Eibarko Udalarentzat garrantzitsua da euskararen normalizaziorako euskarazko ikerketa bultzatzea eta horregatik kaleratzen du 2001. urtetik Juan San Matin Beka.

Patxi Lejardi, Euskara eta Kultura zinegotziaren hitzetan, “Beka UEUrekin lankidetzan kaleratzen da, eta eskerrak emateko aprobetxatu nahi dut, deialdi guztietan UEUko kide direnek epaimahaiko kide izanda egiten duten lanarengatik.”

Bekaren helburu nagusia euskarazko ikerketa sustatzea da, baina bereziki Juan San Martin ikerlari eibartarrak bere bizitzan zehar landu zituen gaien gaineko ikerketa lanak bultzatzea eta horrela Juanito omentzea.

Juan San Martin Bekaren ibilbidea

Aurtengoa argitaratzen den 14. deialdia da. Aurreko urteetan beste 70 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000 eurokoa da eta sari hori 11 lagunek jaso dute. Bi deialditan gelditu dira bekak esleitu gabe: 2008an, epaimahaiak nahikoa mailarik ez zuelako ikusi proposamenetan; eta 2017an, eskaerek ez zituztelako beka eskatzeko baldintzak betetzen. 

Emandako beka horietako 10 lan bukatuta daude eta horietatik 7 argitaratuta. Argitaratutako lan guztiak Eibarko Juan San Martin Udal liburutegian daude eskuragarri.