Eibarko Udala
euskara normalizazioa Eibar Plana

Udalbatzak aho batez onartu du Eibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana 2018-2022 epealdirako

2018/11/07

2018ko urriaren 29an egindako Osoko bilkuran aho batez onartu zuten Udal Talde politiko guztiek Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuak dioena betez eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuz diseinatu eta egin du Eibarko Udalak barne erabilera plana hau.

Erabilera normalizatzeko planen helburua izaten da legeak herri administrazioekin euskaraz jarduteko herritarrei aitortzen dien eskubidea bermatzea eta eskubide hori bete dadin, euskara zerbitzu zein lan-hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko neurri guztiak hartzea.

Planaren diseinuan laguntzeko aurreko plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa egin zuen udalak urte honen hasieran, eta ebaluazio horretatik abiatuta ezarri ditu hurrengo bost urterako helburuak eta ildo estrategikoak.

Plan honen helburu nagusia da euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin urratsak ematen jarraitzea. Horretarako ekintza eta neurri hauek proposatu ditu: udalean euskararen erabilera sustatu eta bermatzea, euskara ere lan-hizkuntza izateko neurriak hartzea eta langileen euskara-gaitasuna etengabe hobetzea.

Planaren helburu orokorrak betetze aldera urtekako ekintza planak egingo dira. Helburuen betetze mailaren jarraipena egiteko, 5 urteko barne erabilera planari ebaluazioa egingo zaio plangintzaldiaren erdialdean eta amaieran,.

Planaren eragin eremuan Eibarko Udaleko sail eta departamentu guztiak sartzen dira.