Udalak zehaztu du aratusteetarako behin betiko programa, egunez eta kalean egingo diren jardueretan oinarritua

2022ko aratusteetako kartel irabazlea.

2022ko aratusteetako kartel irabazlea.

2022/02/21

Pandemiaren murrizketak kendu direla-eta, berrikuntza gisa, erabaki da berbena bat antolatzea zapatu gauean, hilak 26, 02:00etan amaituko dena. Jarduerak zapatuan hasi ziren ‘koko-dantzak’ eta ‘koko-eskearekin’.

Udalak dagoeneko zehaztu du 2022ko Aratusteen behin betiko programa; bertan eutsi egin die behin-behineko egitarauan iragarri ziren jarduerei, egunez eta kalean egingo direnak, eta gaueko jarduera bat sartu du, Untzagan egingo den berbena bat, hain zuzen.  Berrikuntza hori COVID-19aren pandemiaren murrizketak indarrik gabe uzteko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakitik sortutako egoeraren ondorioa da.

Hala eta guztiz ere, Udalak iragarri du batez ere egunez egingo diren jarduerak antolatu direla programan, ahal den neurrian pertsonen kontzentrazioak murriztuko direla, jendea denbora luzez puntu berean egotea saihestuko dela, eta beharrezko prebentzio-neurriak hartuko direla, hala nola jarduera estatikoetan maskarak erabiltzea.

Eibarko alkate Jon Iraolak esan duenez, “Aratusteetako jai hauetarako, eibartarrei kaleak kolorez eta alaitasunez beteko dituzten hainbat jarduera eskaini nahi dizkiegu, baina aire zabaleko jardueretan zentratuta eta une oro pilaketak saihestuz. Izan ere, indarrean ez dagoen arren, pandemia oraindik presente dago eta gure betebeharra da erantzukizunez jokatzea”.

Programazioa larunbatean hasi zen, hilak 19, ‘koko-dantzak’ eta ‘koko-eskea’-rekin, Kezka Dantza Taldearen eskutik.  Goizeko 08:30ean lehen emanaldi bat egin zen Errebal Plazan. 09:00etatik 16:00etara bitartean, ‘koko-dantzak’ eta ‘koko-eskea’ Mandiola eta Gorostako auzotetatik ibili ziren.  Eta 19:00etatik 21:00etara, ‘koko-dantzak’ Eibarko kaleetatik ibili ziren Mauxitxa txarangaren laguntzarekin.

Hilaren 24an, Egun Zuri egunean, ikastetxe bakoitzak bere ospakizuna egingo du eskolan bertan.  Gainera, kalejira bat egingo da Urkizu eta Untzaga artean Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera.  Ondoren, erromeria bat egongo da Untzagan Mugi Panderoa taldearekin.

Barikuan, hilak 25, Kaldereroen konpartsa itzuliko da Eibarko kaleetara. 20:00etatik aurrera, Urkizu eta Untzaga arteko kalejira egingo du, eta bertan parte hartuko dute, Kezka taldeak eta Ustekabe txarangak, besteak beste.

Hilaren 26an, zapatuan, berrikuntza batzuk izango dira.  18:00etatik 21:30era, Untzaga plazan umeentzako berbena bat egongo da Alaiki taldearekin.  Eta, gauean, 23:30etik 02:00etara, berbena bat egongo da Untzagan talde berarekin.  Bietan, jarduera estatiko bat denez, Udalak kontrolatu egingo du parte hartzaileek maskarak erabiltzea.

Egun horretan bertan, zapatuan, 12:30ean, kaleko rocka egongo da Eibarko kaleetan zehar, bai eta kalejira bat Ustekabe fanfarrearekin.  Eta 19:00etan animazio musikala egongo da Funky Brass Banda taldearen eskutik.

Hilaren 27an, domekan, Usartza Txistulari Bandak kalejira bat eskainiko du 11:00etatik aurrera.  Eta 17:00etan haurrentzako ‘play-back’ digitaleko lehiaketa bat egongo da, Eta Kittok antolatua.  Jaiak Martitzenean amaituko dira, martxoak 1, Ustekabek kaleetatik egingo duen emanaldiarekin.

Gainera, Udalak, beste behin, Aratusteetan Ondoen Apaindutako Tabernaren Lehiaketa antolatu du.  Epai-mahaia hilaren 25ean arratsaldean pasatuko da tabernetatik balorazioa egiteko.  Parte hartu nahi duten tabernek urtarrilaren 24ra arte eman dezakete izena https://formularioak.eibar.eus/eu/ondoenapaindutakotaberna2022-01 estekaren bidez.