Udalak hitzarmena sinatu du UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea), Markeskoan Irakaskuntzako Masterra emateko egokitzapen-lanak egiteko

2021/04/23

Sinatutako hitzarmenaren bidez, 15.000 euroko diru-laguntza emango da proiektua gauzatzeko. Zehazki, 40 ikasle ingururentzako hiru gela prestatu ahal izateko eta lantoki bat sortzeko Masterraren lantaldearentzat. Datorren 2021/2022 ikasturtean bigarren aldiz eskainiko da euskarazko eta online irakaskuntza masterra. Aurrematrikula egiteko epea 2021eko maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik, eta www.goi-institutua.eus webgunean egin ahal izango da.

Eibarko Udalak Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) hitzarmena sinatu du, azken horri diru-laguntza izendun bat emateko, Markeskoa Jauregian Irakaskuntzako Masterra emateko berrantolaketa-lanak egiteko; 15.000 euroko diru-laguntza emango da.

Hauek dira Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra emateko Markeskoa Jauregia (EHUri atxikitako GOI zentroa) egokitzean sortutako gastu diruz lagungarriak: espazio berrien atonketa –Obra-lan eta errotulazioa– eta altzariak eta azpiegitura teknologikoak, ikasgelak ezaugarri berrietara egokitzeko. Zehazki, 40 ikasle ingururentzako hiru gela eta lantoki bat prestatzen ari dira Masterreko lantaldearentzat.

Irakasleen Prestakuntzako Masterra, UEUn

2019tik, UEU Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) zentro atxikia da, eta Goi mailako online Institutuaren (GOI) bidez, 2020-2021 ikasturte honetan, Irakasleen Prestakuntzari buruzko Unibertsitate Masterra eman da lehen aldiz.

Master honen helburua DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako irakasleak eta etorkizuneko hizkuntza-irakasleak prestatzea da, honako espezialitate hauetan: natur Zientziak eta Matematika, Giza eta Gizarte Zientziak eta Hizkuntza eta Literatura. Iaz 819 eskaera jaso ziren, baina guztira 120 ikasle matrikulatu ahal izan ziren.

Datorren 2021/2022 ikasturtean bigarren aldiz eskainiko da euskarazko eta online irakaskuntza masterra. Guztira, 132 plaza eskainiko dira.

Deialdia zabalik dago jada, eta interesa duten guztiek aurrematrikula egin ahal izango dute, www.goi-institutua.eus webgunearen bidez, 2021eko maiatzaren 31ra arte.

Markeskoa Jauregia.

Markeskoa Jauregia.