Udalak bat egingo du Dantzaren Nazioarteko Egunarekin, herriko eskola, akademia eta taldeen erakustaldi eta jarduerekin

Dantzaren Nazioarteko Egunaren inguruan programatutako jardueren aurkezpenaren irudia.

Dantzaren Nazioarteko Egunaren inguruan programatutako jardueren aurkezpenaren irudia.

2023/04/26

Jaia ostiral honetan hasiko da, apirilak 28, herriko gune ezberdinetan izango diren zazpi talderen parte-hartzearekin. Jardunaldiaren helburua da Eibarko akademiek eta eskolek eskaintzen dituzten estiloen aberastasuna eta aniztasuna ezagutaraztea eta balioan jartzea formazio-, sorkuntza-, interpretazio- eta -promozio-lanak.

Larunbat honetan, apirilaren 29an, ospatuko den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Eibarko Udalak, herriko dantza-eskolekin batera, ospakizun-jardunaldi bat antolatu du bezperarako, non taldeek erakustaldiak eta beste jarduera batzuk egingo dituzten, egunero egiten duten lana erakusteko.

Jardunaldi honen egitaraua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak, jardueretan parte hartuko duten taldeen ordezkariekin batera.

Hala, jarduerak ostiralean 17:30etik aurrera egingo dira Eibarko kaleetan eta honako talde eta eskolek hartuko dute parte: Biraka Dantza Taldea, Ballet Eibarrés, Kaxa, Nele Dantza, Kezka Dantza Taldea, Eva akademia eta Untzaga Jubilatuen Etxea.

Erakustaldiak bost eszenatokitan izango dira: Untzaga plazan, Ego Gainen, Torrekua parkean, Urkizu parkean eta Errebal Plazan. Toki horietatik, 17:30etik aurrera, hainbat talde pasatuko dira eta beren dantza-emanaldiak eskainiko dituzte, herria musikaz eta dantzaz betez, eta adin guztietako ikasleek parte hartuko duten koreografiekin.

Gero, 18:45 aldera, talde guztiak Untzaga plazan bilduko dira, non beste emanaldi batzuk egongo diren, eta 20:30etik aurrera, eta jaiari amaiera emateko, erromeria bat egongo da Mugi Panderoarekin.

Horrela, herriko taldeei ikusgaitasuna emateaz gain, kaleko emanaldiei esker, Eibarko dantza-eskolek eta -akademiek eskaintzen dituzten estiloen aberastasuna eta aniztasuna egiaztatu ahal izango da, eta balioan jarriko da egiten dituzten formazio-, sorkuntza-, interpretazio-, sustapen- eta ekintzailetza-lanak.

Jon Iraola alkateak prentsaurrekoan adierazi duenez, “dantza jarduera fisikoa egiteko modurik osatuenetako bat da, eta, horren harira, ospakizun hau aprobetxatu nahi dut dantzak duen balioa azpimarratzeko, ez bakarrik jarduera fisikoari dagokionez, baita sozializazio eta adierazpen gisa duen garrantzi kultural eta sozialari dagokionez ere”.  

Eta horren harira, zera gehitu du: “ospakizun honekin dantza kalera atera nahi dugu eta merezi duen ikusgaitasuna eman. Horregatik, herritarrak animatzen ditugu egun honetaz disfrutatzera eta antolatu dugun kontzertuaren erritmora dantza egitera”.

Bideoa: Dantzaren Nazioarteko Eguna