Udalak 420.000 euro baino gehiago inbertituko ditu aurten euskararen erabilera zabaltzeko eta sustatzeko jarduera eta programetan, iaz baino % 37 gehiago

Euskararen erabilera zabaltzeko eta sustatzeko jardueretan eta programetan 2023an 420.000 euroko inbertsioa egin dela jakinarazteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

Euskararen erabilera zabaltzeko eta sustatzeko jardueretan eta programetan 2023an 420.000 euroko inbertsioa egin dela jakinarazteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2023/02/28

Erakundeentzako dirulaguntza izendunetan 310.000 euro jarri dira, eta horietatik 200.000 … eta Kitto! Euskara Elkartearen programetarako eta argitalpenetarako dira. Jon Iraola alkateak nabarmendu du inbertsio horiek “argi eta garbi islatzen dutela Udalaren konpromisoa, Eibarren euskararen erabilera gehitzen lagunduko duten ekintzak bultzatzen jarraitzeko”.

Eibarko Udalak 2023rako 420.896 euroko inbertsioa aurreikusi du, euskara bultzatzeko eta zabaltzeko hainbat jarduera eta programatarako; aurreko urtean baino %37 gehiago, orduan 305.758 euro jarri ziren-eta. Datu horiek gaur goizean eman dira ezagutzera, Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura eta Euskara zinegotziak emandako prentsaurrekoan.

Aurreikusitako zenbateko osotik, 310.000 euro inguru — % 73, 2022an baino 92.000 euro gehiago— euskararen sustapenean lan egiten duten entitateei Udalak dirulaguntza izendunen bidez ematen dizkien laguntzak dira.

Zenbateko horretatik 200.000 euro … eta Kitto! Euskara Elkarteak urtean zehar egiten dituen argitalpenetarako eta jardueretarako izango dira. Zehazki, 100.000 euroko inbertsioa aurreikusi da Eta Kitto! astekariaren argitalpena diruz laguntzeko, 2022ko ekitaldian baino 40.000 euro gehiago. Horiei beste 50.908 euro gehitu behar zaizkie ‘Eta Kitto Berbetan’ programarako; 29.050 euro atzerriko eta Eibarko pertsonen arteko bizikidetza sustatzeko ‘Ongi Etorri’ programarako (iazko ekitaldian baino 17.430 euro gehiago); 15.000 euro Txikitto umeen aldizkaria argitaratzeko, (joan zen urtean baino 1.500 euro gehiago); eta 5.000 euro …eta Kitto elkarteak antolatutako tailer eta hitzaldietarako.

Era berean, 48.000 euro jarri dira Eibarren Akebai plataformarako (2022an baino 7.200 euro gehiago); 30.000 euro Eibarko AEK-rentzat, helduak euskalduntzeko, iaz baino 5.100 euro gehiago; 2.769 euro Hankamotxak bertsolaritza-eskolarako; 1.366 euro Badihardugu programarako, hitzezko ondarea jaso, ikertu eta hedatzen laguntzeko; eta 13.847 euro Debabarreneko euskarazko komunikabideen taldea  (DKT, Debabarrena Komunikazio Taldea) bideratzeko, iaz 2.129 euro inbertitu ziren.

Aurten beste programa berri bat ere izango da, Udalak euskara sustatzeko aurreikusia zuen inbertsioa gehituko duena: Udako Euskal Unibertsitatearen ‘Eibar Hiri Hezitzaile’ programa berritzailea; horretarako, 15.000 euro ipini dira.

Gainerako 109.915 euroak, 420.896 euroraino, Udalak berak zuzenean bultzatutako ekimenetarako jarritako partidetan banatzen dira, 2022an inbertitutakoa baino 23.000 euro gehiago.

Atal honetan, honako jarduera eta ekimen hauek sartzen dira: familian euskararen transmisioa zaintzeko eta erabilera gehitzera zuzendutako ekintzak (material ludikoen inguruko gidak, Gabonetako katalogoa edo hizkuntza-gomendioak emanez); ikastetxeetan euskara erabiltzeko bultzatutako ekimenak (errefortzu-saioak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, ahozkotasuna lantzeko programak, zinea euskaraz, motibazioa lantzeko egitasmoak maila guztietan …); edo Eibarrera etorri berri diren atzerritarrak euskarara gerturatzeko egitasmoak (Aisa ikastaroak, umeentzako errefortzu-saioak).

Laguntza horien artean daude, halaber, aisialdian euskararen erabilera areagotzeko laguntzak (hala nola, kirol-klubei euskarazko planak egiteko laguntza teknikoak); merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia sustatzeko dirulaguntzen deialdia; prestakuntza euskaraz jasotzeko dirulaguntzak (UEUn ikastaroak egiteko % 50eko laguntza barne); Juan San Martin Beka (aurten, euskarazko ikerketa sustatzeko bekak 16. deialdia beteko du);  eta euskararen aldeko kanpainak, Euskaraldia, Korrika edo Euskararen Eguna.

Eibarko alkateak, Jon Iraolak, prentsaurrekoan zera adierazi du: “Euskara bultzatzeko diru-kopuru horiek argi eta garbi islatzen dute Udalak hartutako konpromisoa, ez bakarrik euskararekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko, baita Eibarren euskararen erabilera gehitzen laguntzen duten entitateek sustatutako programei laguntzeko konpromisoa ere”.

 “Laguntza hauen adibide bat —gaineratu du Iraolak— Eta Kitto aldizkariari emandako dirulaguntzetan dugu, euskarazko tokiko hedabide bakarra delako; beraz, inbertsio-ahalegin handia egiten jarraitzen dugu entitate horri emandako laguntza izendunetan”.

Alkatearen hitzetan, “Eibarren egindako euskararen erabileraren azken neurketatik ateratako datuen arabera, % 13an mantendu da. Horregatik, Udalean argi daukagu oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta uste dugu, alde horretatik, euskararen arloan egiten ditugun inbertsioak ekarpen garrantzitsua direla gure kaleetan euskararen erabilera gehitzeko helburua lortzeko.”