Udal liburutegiak hainbat lankidetza-programa ditu Eibarko ikastetxeekin irakurzaletasuna bultzateko

Udal liburutegiak hainbat lankidetza-programa ditu Eibarko ikastetxeekin irakurzaletasuna bultzateko

Amaña herri ikastetxeko taldea

2020/02/14

Lankidetza horietan bisita gidatuak egiten dira, erabiltzaileak trebatu, liburu sorten aukeraketa eta maileguen bidez irakurzaletasuna bultzatu, eta gida bibliografikoak landu

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiak hainbat programa garatu ditu, 'Liburutegi ibiltaria' izen orokorrarekin, herriko ikastetxeetako liburutegiekin elkarlanean, irakurtzeko gaitasuna bultzatzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko xedez. 2018-2019 ikasturtearen hasieran, Liburutegiak bilera batzuetarako deia egin zien ikastetxeetako zuzendaritzei, eskaintzen dituen lan-ildoak azalduz, hala, ikastetxe bakoitzak Irakurketa Plan bat egiten eta garatzen laguntzeko.

Ekimen horren ondorioz, 2018ko irailetik 2019ko abendura bitartean, Eibarko zazpi ikastetxeetatik seik Juan San Martin Liburutegiaren ekimenari erantzun diote. Liburutegiak eskolekin lankidetzan dihardu hainbat arlotan: bisita gidatuak, erabiltzaileen trebakuntza, irakurzaletasuna bultzatzea liburu sorten aukeraketa eta maileguen bidez eta gida bibliografikoak lantzea.

Juan San Martin Liburutegiak diseinatutako programa bat da liburutegia erabiltzen eta informazioa bilatzen ikasteko, xede duena herriko ikastetxeekin lankidetza iraunkor bat izatea, informazioaren gestioan hezteko zereginean lan egiteko. Programa Eibarko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Jarduera-blokeetan egituratuta dago, hezkuntza-ziklo bakoitzaren arabera; bloke bakoitza adin-talde baterako sortu da, edukia ikasleen adinera egokituz. Edukiak mailaz maila osatzen dira, ikasleek liburutegiaren erabilerari buruzko ezagutzetan aurrera egin dezaten eta informazioa bilatzeko trebetasunak eskura ditzaten.

Programarekin lortu nahi diren helburuak hauexek dira: Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak eta horiek erabiltzeko modua ezagutzea; liburuak eta gainerako materialak sailkatzeko sistema ezagutzea; liburutegian orientatzen ikastea, errotuluen eta seinaleen laguntzaz; eta katalogoa erabiltzen ikastea. Gainera, informazio-iturriak ezagutzen dira, bilaketa-prozesurako gaitzen da eta Liburutegiaren funtzionamendu orokorra ezagutzen da.

'Liburutegi ibiltaria' irakurzaletasuna sustatzeko lankidetza-programari dagokionez, Udal Liburutegiak laguntza-zerbitzua eskaintzen die eskola-liburutegiei baliabideak batu eta zerbitzuak hobetzeko ahaleginean; izan ere, kasu batzuetan prekarietate-egoeran daude eta ardurapeko langilerik gabe. Hala, Juan San Martin Liburutegiaren ekarpen nagusia eskatutako liburuak eskaintzea da, izan gai jakin batekoak izan liburutegiko langileek hezkuntza-zikloetara egokitutako aukeraketa bat. Mailegu-zerbitzu hori aldatuz joan da, harik eta 2019an 1.590 mailegu izatera iritsi arte.

Halaber, Eibarko Liburutegiak eta Euskara Sailak bultzatutako jardueretan, aipatu behar da Bularretik Mintzora programa, xede duena 0 eta 8 urte bitarteko haurren irakurketa-ohiturak sustatzea, gurasoekin eta prestatzaileekin elkarlanean arituz ingurune natural batean, hau da, etxean, eskolan eta liburutegian. Proiektuan parte hartzen duten Eibarko ikastetxeetako irakasleek “Galtzagorri” Haur eta Gazte Literatura Elkarteko adituen prestakuntza jaso dute .

Liburutegiko leku nabarmen batean dagoen bibliografia hautatu batek etxeko eta eskolako istorioak entzuten laguntzen die txikienei, eta, bide batez, Liburutegia txikitatik ezagutzen dute. Hain zuzen, 2016an programa hasi zenetik gaurdaino, nabarmen igo da Liburutegiko txartela duten adingabeen kopurua.

Udal liburutegiko arduradunen esanetan, "horrelako programak elkarlanean aurrera eramateak bilduma bibliografikoaren erabilera areagotzen du, baita liburutegiko bazkide kopurua eta liburutegia topagune gisa erabiltzea ere".

Iazko urte amaieran eman zitzaien forma eta izena programa hauei; "lehendik egiten genituen, baina ez zeuden normalizatuta. Hemendik aurrera, espero dugu lankidetza hauekin jarraitzea, familien, ikastetxeen eta liburutegien xedea betetzeko: irakurtzeko gaitasuna bultzatzea eta irakurzaletasuna sustatzea".