Sofía Machínek bere lehen kontzertua emango du Eibarko Coliseoan abenduaren 26an
Artista eibartarra estreinakoz igoko da eszenatoki batera musikariez lagunduta, bere herrian izango den hitzordu berezi honetan. Abenduaren 26an izango den kontzertuan, artista gazteak emozioa, sentsibilitatea eta sormen-prozesuaren emaitza partekatu du ikusleekin.
Coliseoak Sofía Machínen kontzertua hartuko du datorren abenduaren 26an arratsaldeko 19:00retan. Hitzordu berezi hau mugarri izango da artista eibartar honen ibilbidean. Agertoki handi batera musikariz lagunduta igoko den lehen aldia izango da Sofíarentzat; kontzertuan publikoarekin partekatuko du bere sentsibilitatea eta hazkunde artistikoa, eta baita hilabete luzeetako — eta urteetako — fruitua ere.
Lehen aldiz, bere musikak agertoki handi batean hartuko du arnasa, bere herrian bertan, proiektuaren sorkuntza-prozesuan parte hartu duten pertsonez inguratuta. Estreinaldi handi bat, ahazten ez diren horietakoa.
Sofía Machín Eibarko abeslari eta konpositore bat da, eta hurbiltasunetik, zintzotasunetik eta ahots pertsonal batetik eraiki du bere proposamena. Emozioa, leuntasuna eta gauzak artifiziorik gabe kontatzea dira bere kantuen ezaugarriak, eta, horrela, egunerokotasunetik eta intimotasunetik lortzen du entzuleekin konektatzea. Kontzertu hau ezinbesteko urrats bat da artisau lan saiatu horretatik zuzenekora, formatu anbiziotsuago batean.
Jon Iraola alkateak kontzertuaren balio sinbolikoa azpimarratu du: “Pozgarria da ikustea nola topatzen duen bere espazioa eta publikoa Eibarko talentuak. Sofía Machínek bere lehen kontzertua hemen, Coliseoan, aurkezteak asko esaten du haren lanaz, eta baita hiriak kulturarekin eta hemendik sortzen dutenekin duen konpromisoaz ere”.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak halako prozesu artistikoetan laguntzearen garrantzia nabarmendu du: “Kontzertu hau konstantziaz eta sentsibilitatez egindako bide baten emaitza da. Kultura Sailean uste dugu funtsezkoa dela bertako sortzaileei laguntza ematea, eta baita eszenatokiak eta konfiantza eskaintzea ere. Sofíak belaunaldi berri bat ordezkatzen du, musika identitatetik eta egiatik eraikitzen duena”.
Sofia Machinen kontzertua udalaren kultura-programazioaren barruan kokatzen da, eta seguru gaude bai artistarentzat bai publikoarentzat ikuskizun hurbila, hunkigarria eta berezia izango dela. Aukera paregabea etxeko ahots hau ezagutzeko.
Sarreren prezio arrunta 10 eurokoa izango da, eta Coliseoko lagunarekin 7 euro. Sarrerak Kutxabank-eko web orrian eskuratu daitezke.