Sanjuanetako ohitura zaharrak Eibarren: San Juan sorba, San Juan sua eta lizar-abarrekin egindako gurutzeak

San Juanen irudia, Untzagako ermita zaharrekoa. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

San Juanen irudia, Untzagako ermita zaharrekoa. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

2023/06/15

Antzina, Eibarko San Andres Egoitzan dagoen San Juanen irudiaren aurrean bedeinkatzen zen sorba. Irudi hori San Juan ermita desagertuaren XVII. mendeko eskultura barrokoa da.

Tradizio zaharrak dionez, “sorbia” San Juan egunez bedeinkatutako  belar, landare eta ortuari  batzuekin egindako txorta izaten zen, eta trumoiak jotzen zuenean txorta-zatiak erre egiten ziren, Kandelaria egunean bedeinkatutako kandela piztu eta "Santa Barbara, Santa Kruz, jauna balio jakiguz..." esanda; azkenik, txorta hartatik sobratzen zena San Juan bezperan erretzen zen. Horren inguruan oso interesgarria da Felisa Loiolak dioskuna. ‘Sorba’ berba beraz,  ‘sobra’ hitzetik dator.

Sorban, sasoi batean, erdian, oloa, arto-landarea edo garia jartzen zen, gero, haren bueltan edo inguruan baina beherago porruak, berakatzak, kipulak edo ortuariak; ondoren, belar onak eta txarrak, loreak edo landareak: berbena belarra, anis-belarra edo mieloa, San Juan lorea, menda-belarra, batana, sorgin-belarra, erromeroa, erramua..., baita abarren bat edo beste ere, kindda-abartxoren bat, flota... Gaur egun, loreak baino ez dira nabarmentzen, eta normalean, baserri batzuetako sorbetan izan ezik, ez dago garirik edo olorik.

Antzina, San Juan egunean, Arratera joaten ziren baserritarrak sorba bedeinkatzera, gero, San Juanen irudi zaharra gordetzen duen Ospittaleko kaperara edo elizatxora joaten ziren joan zen mendeko 70.eko hamarkadara arte. Irudi horri buruz esan behar da Yolanda Ruiz-Urbón udal-artxibariak egindako txosten batean, hauxe azpimarratzen duela: “Ulsaga pasealeku zaharrean, gaur egun Untzaga plaza, San Juan ermita zegoen, eskuinaldetik Erregetxea  izeneko eraikinari atxikita. Aldare bakarra zuen, presbiterioa nabetik burdin forjatuko burdin hesi batez bereizia. XVI. mendearen erdialdean eraiki eta 1901ean bota zuten, Udaletxeko eraikin berria jasotzeko eta plaza handitzeko lanak egiteko, Ramon Cortazar arkitektoak proiektatuari jarraituz egindako obrak. 1901eko urte horretan bertan eraiki zen Asilo Ospitale berria, kapera San Juan Bataiatzaileari eskainita; beraz, aldare nagusian jarri zen ordura arte Ulsagako ermitan egon zen santuaren irudia.”

Gaur egun, San Juan egunean, Azitaingo elizan bedeinkatzen dira sorbak. Azitain santuaren irudiarekin zerikusia duen leku bat eta esangura handiko ermita da, izan ere, 1664an, herriko Kontzejuak ezabatu egin baitzuen San Juan eguneko meza nagusia Azitainen emateko ohitura zaharra, bero larregi egiten zuelako eta Azitain herritik urrun samar geratzen zelako. Harrez geroztik meza parrokian ematen hasi ziren eta mezaren ondoren ‘Ulsaga’ auzoko San Juan ermitara joaten ziren prozesioan Kontzejuko kideak.  

Sorbak bedeinkatzen Azitaingo elizan

Azitaingo elizan, sorbak bedeinkatu ondoren (2017). Argazkia: Azitaingo eliza.

San Juan sorba bedeinkatu ondoren, sikatzen lagatzen da eta hurrengo urteko San Juan bezperan, ilunabarrean, sua piztu eta sutara botatzen da hauxe esanda:

San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre, erre!
Garixak eta artuak gorde, gorde!

Beste ohitura zahar bati ere eusten zaio oraindik Eibarko baserri-auzoetan: San Juan egunean, goizean goiz, lizarrez egindako gurutzeak baserriko ateetan jartzea.  Sasoi batean, soroetan ere jartzen ziren, baina ohitura hori galtzeko zorian dago, betiko galdu ez bada.

Hala ere, bada aspaldiko ohitura paganorik ere: San Juan gauaren bezperan, sorba kanpoan uztea, ilargipean eta goizeko ihintzarekin bedeinka dadin.
San Juan egunaren inguruko erritu guztiak antzinako sinesmen, usadio eta ohituren sinboloak dira, gure kulturaren sustraietara garamatzatenak.

etiketak: egoibarra