Eibarko Udala
Sanjuanak kontzertuak

Sanjuanak 2026: Kaparrak taldeak eta Leire Martínezek musikaz eta emozioz beteko dute Eibar

2026/03/09
Leire Martinez.
Leire Martinez.

Kaparrak taldeak emango die hasiera jaiei ekainaren 19an, rock eta ska doinu indartsuekin. Ekainaren 20an, Leire Martínezek — Mi Nombre, Tonto por ti o Mariposas kantuengatik ezaguna eta baita La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari izateagatik ere— kontzertua emango du.

Motorrak berotzen ari dira jada San Juan jaietarako, eta musika, beste behin, ospakizunen protagonista izango da. Eszenatoki nagusira bi egunetan igoko diren lehen izenak Kaparrak taldearena eta Leire Martinez abeslariarena dira. 

Ekainaren 19an (ostirala), Kaparrak taldeak bere rock, ska eta erritmo urbanoz betetako musika indartsua ekarriko du Eibarrera. Taldea erreferente bihurtu da Euskadin zuzeneko musikan. Haien letretan, kritika soziala, umorea eta egunerako bizitzari buruzko erreferentziak egiten dira, eta belaunaldi bat baino gehiago zaletzea lortu dute. Galtzaile, Bollikau edo Gaupasa bezalako kantuekin, aurreikusten da Kaparrak taldearen kontzertua erritmoz beteta egotea, eta bertaratzen diren guztiak dantzan jartzeko moduko indarra izatea. 

Hurrengo egunean, ekainaren 20an (larunbata), Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari ohi eta estatuko musika-panoramako artista aitortuenetako baten txanda izango da. Bakarkako arrakastez gain, hala nola Mi Nombre, Tonto por ti edo Mariposa, La Oreja de Van Gogh taldearekin ere hainbat kantu arrakastatsu abestu ditu, besteak beste, La niña que llora en tus fiestas, Inmortal eta Cometas por el Cielo. Haren ahotsa pop espainiarraren enblematikoenetako bat da. Aurten, Operación Triunfon parte hartu du mentore gisa, gazteei ahots teknika eta eszenategian egoteko modua hobetzen lagunduz, eta, hala, bere esperientzia eta talentua belaunaldi berriekin partekatuz. Emanaldi hau jaietako unerik nabarmenena izango da, eta aukera emango du Leireren karismaz eta ahots indartsuaz gozatzeko. 

Jon Iraola alkatea pozik azaldu da: “Poztekoa da lehen mailako artistak izatea gure jaietan. Sanjuanak elkarrekin egoteko eta kulturarako eta dibertsiorako uneak dira mundu guztiarentzat, eta aurten ere kalitatezko emanaldiak izango ditugu”. 

Adierazi duenez, “laster aurkeztuko dugu programazio osoa. Musika-emanaldiak egongo dira publiko guztientzat, eta bermatuko da 2026ko sanjuanak jai ahaztezinak izatea”.