Osasunari buruzko informazio-iturri fidagarriak

2020/03/16

Eibarko Udal Liburutegiak osasunari buruzko informazio fidagarria bildu du gida honetan

Eibarko Juan San Martin Liburutegiak osasunari buruzko informazio-iturri fidagarriak biltzen dituen gida egin du ALDEE, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak antolatutako prestakuntza jarduera bat, Belén Castelló-Zamorak eman zuena, egin ondoren.

Belén Castelló-Zamora Bizkaiko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzako Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko arduradunak dioenez, “Interneten osasunari buruzko iruzurrezko edo engainuzko informazioa transmititzea garrantzi handiko arazoa da. Liburuzain eta dokumentalistok esku hartu behar dugu gure lanbideko tresnekin, iruzurrezko informazio transmisio hori geldiarazteko. Informazio-iturriak aztertzeko ohitura eta gaitasuna, iturri fidagarriak eskuratzeko erraztasuna eta erabiltzaileak trebatzeko betebeharra nahikoa arrazoi dira gure eginkizunetan esku hartzeko, baliabideak, ebaluazio-irizpideak, tutorialak eta abar eskainiz, informazio faltsuak bereizteko gai diren erabiltzaileak prestatzeko”.

Informazio-alfabetatzea gure eginkizunen artean dagoenez, une honetan oso egokia ikusi dugu gida hau ezagutaraztea, pertsonek osasunari buruzko informazioa jaso dezaten iruzurrezko informazioa lortzeko arriskurik gabe.