MKB Mercedes Kareaga Bekaren lehenengo edizioa (2022) Begoña Etxenagusia Atutxa ikerlariak irabazi du

Begoña Etxenagusia Atutxa

Begoña Etxenagusia Atutxa

2022/11/18

Epaimahaiak hautagaiaren lan-ildoa goraipatu du, eta, batik bat, Kareagaren biografiari genero-ikuspegiko hurbilketa historiko batetik heltzeko asmoa.

Ego Ibarra Batzordeak, 2022ko azaroaren 16an egindako bilkuran, ontzat eman du Epaimahaiak (akta, PDF) Begoña Etxenagusia Atutxa (Iurreta, 1969) ikerlariari emateko proposamena. 

Epaimahaiaren hitzetan, Begoña Etxenagusiaren proiektuak oso ondo zehaztu du lanaren ikerketa-esparrua eta helburua; hots, Mercedes Kareagaren biografiaren idazketari genero-ikuspegia duen hurbilketa historiko baten bidez ekitea, eta haren bizitzan zehar ikertutako aldi historiko ezberdinak testuinguru egokian kokatzea: Primo de Riveraren diktadura, Bigarren Errepublika, Gerra Zibila, Francisco Francoren diktadura eta, azkenik, aldi demokratikoa. Hori guztia, etengabeko aldaketa politiko eta sozialean emakume gisa zuen rolarekin lotuta.

Kareagaren bizitza testuinguruan jartzen duen garaiari buruzko hutsune nagusienak aipatu ditu, eta jakitun da artxibo-lan handia egin beharko duela ikerketa aurrera ateratzeko; horrek balio gehigarria eransten dio proiektuari, zailtasunak seinalatzeaz gain, zailtasun horiek gainditzeko bideak erakutsi dituelako.

Kazetaritzan lizentziaduna eta Historian doktorea, Begoña Etxenagusiaren ikerketa-esparru nagusia kolonialismoaren ingurukoa izan da. Marokoko espainiar protektoratuan prostituzioak izan zuen presentzia nabarmena aztertzen duen “La prostitución en el Protectorado español en Marruecos 1912-1956” bere doktore-tesia 2019an aurkeztu zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. 

Hala ere, beste hainbat gairi buruzko artikuluak ere argitaratu ditu. Aipatzekoak dira “99/22 Spassk, marinos vascos en el gulag” (Deia), hamalau euskal marinelen patuari buruzkoa; edo “Claudek: paisaje de devastación” (Deia) Claude-Marguerite de Kinnoull fotokazetari ingelesaren historia, 1937ko apirilaren 24ko eta 25eko bonbardaketen ondoren, Eibar oraindik sutan zela,  handik egun bira, “gorriek” eragindako hondamendia erakusteko argazkiak atera zituena.

Begoña Etxenagusia Atutxak 20 hilabete ditu lana amaitzeko. Lan nekeza, gizarte arloan egin zuen lanagatik Eibarko emakume errespetatuenetako baten biografia tajutzen saiatzeko: Mercedes Kareagarena, alegia.

etiketak: egoibarra