MKB Mercedes Kareaga Beka: Begoña Etxenagusia Atutxa bekaren irabazleak taxutu du lanaren ildo nagusia

Mercedes Kareaga

Mercedes Kareaga

2023/11/02

Mercedes Kareagaren biografiari genero-ikuspegitik oratu dio ikerlariak, haren bizitza bilakaera historikoan kokatuz

Ego Ibarra Batzordeak, 2023ko urriaren 18an egindako bilkuran, ontzat eman zuen bekaren irabazleak aurkeztutako azken txostenari  Epaimahaiak bezperan emandako oniritzia. Batzordean, ikerlaria bera egon zen egindako lanaren azalpenak emanez.

Lanaren ikerketa-esparrua eta helburua ondo zehaztu ditu, Kareagaren bizitzari buruzko zertzelada guztiak izateko makina bat artxibotan ikertu dituen agiriak testuinguru egokian kokatuta. Lanak izango duen aurkibide nagusiaren nondik norakoa ere islatu du.

Mercedes Kareagaren lehen urteak eta familiak osatuko dute aurreneko zatia; ikasketa-sasoia izango da bigarrenaren ardatza, Eibarko maistrak ahazteke. Emakume Abertzale Batzaren sorrera eta Kareagak hainbat lekutan emandako hitzaldiek eta idatziek hartuko dute hurrengo atal nagusia, zeinean, emakumeak eta politikagintza eta emakumeek botoa emateko eskubideaz gain, beste hainbat gai jorratuko dituen. Laugarren kapitulua gerraren ingurukoa izango da. Frankismoaren lehen etapa (1939-1950), Eibarko egoera eta gerraostearen gordintasuna dator ondoren; Kareagaren itzulera herrira, errepresioa, Marshall plana eta immigrazioa, parrokiaren inguruan egindako lana. Seigarren atalean frankismoaren bigarren etapa 1951-1958, Goi Argi Elkartearen sorrera eta Kareagaren ekintzailetza, sasoi hartako tonbolak eta zozketak. Frankismoaren hirugarren etapa dugu hurrena (1959-1973) eta ordukoak ditugu Haurren onerako Eibarko Patronatua, Jardiñetako haurtzaindegiaren proiektua (1972) eta San Andres Egoitzaren zaharberritze-lan handia adreilu-operazioari esker egindakoa. Eta nola, ez, Cayetano Kareaga tailerrak, 1973koak.

Hortik aurrera, frankismoaren bukaera (1974-1975) eta Mercedes Kareagak bere heriotza arte egin zuen herrilana eta jaso zuen eskerra dauzkagu.

Begoña Etxenagusiak ondo gainditu du lanaren aurreneko langa, ikerketarena, baina, hala ere, lana sakontzearren,  prest dago Mercedes Kareagaren inguruko  informazioa helarazi nahi dion edonorekin harremanetan jartzeko.

Orain, bide erdi geratzen zaio egiteko, 2024ko irailera arte du-eta Mercedes Kareagaren izena eta izana egutarazteko lana amaitzeko epea.

etiketak: egoibarra