Eibarko Helmholtz organoa Leongo jaialdi bateko protagonistetako bat izango da
Azaroaren 28an eta 29an Helmholtz organoa entzuteko aukera egongo da Leongo Kontserbatorioan
50eko hamarkadan, Astelena frontoian organo batek lagundutako areto musikako kontzertu bat entzun ondoren, Armeria Eskolako ikasle ohien talde batek Helmholtz organoa fabrikatzeko prozesua hastea erabaki zuen, Hammond ospetsuaren lehen erreplika izango zena.
Jose eta Jesus Ibaceta anaiak eta Jose Elorza izan ziren proiektuaren buruak eta, dirudienez, teklatua egitea izan zen prozesuaren momenturik zailena. Dirudienez, organista batek zera esan zien: “Mekanikari trebeak zaretenez, tonu-sorgailua eraikiko duzue, baina teklatua ez duzue inoiz egingo”.
Denbora luzez lanean aritu ondoren, lortu zuten erreplika egitea, eta enpresa amerikarrari arrakastaren berri ematea erabaki zuten. Handik gutxira, Hammond Organ-eko ingeniari-burua Eibarrera etorri zen. Emaitzarekin txundituta geratu zen; etengabe ikuskatzen zuen instrumentua. Eskua teklatuaren azpitik pasa eta automatikoki kopia zehatza zela konturatu zen aditua. Organoa sortzeko planoa nondik lortu zuten jakin nahi izan zuen, eta eibartarrek erantzun zioten Ermutik ekarritako Hammond organoa desmuntatuz lortu zutela erreplika egitea.
Guztira 50 organo inguru saldu zituzten/ziren (Madril, Valladolid, Santiago, Gasteiz, Pontevedra...). Horietako bat Chicagoko Hammond fabrikaren zentralera eraman zen. 1970. urtearen inguruan, telebista-aparatuak egiten hasi ziren eta 1972. urteko martxoaren 1ean, Jose Ibacetak “prozedura optiko-elektronikoa erabilita telebistako irudi handiak koloretan proiektatzeko sistema” patentatu zuen.
Hau guztia eibartarren ekintzailetzaren beste adibideetako bat da, etengabeko lanari esker kalitatezko produktu ospetsuak sortzeko trebetasunaren erakusgarri.
Datorren astean, hilak 28, organo hau entzuteko aukera izango da Leongo Kontserbatorioan, non, Jesus Mari Aguirreren hitzaldi baten ondoren, Mikel Azpirozek kontzertua eskainiko duen. Hurrengo egunean, hilak 29, Hammond eta Helmholtz organoen arteko lehia-kontzertua egongo da.