Eibarko Udala
jaiak

Dena prest San Andres jaietarako

2025/11/11
Jon Iraola alkatea eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotzia.
Jon Iraola alkatea eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotzia.

Gastronomia-lehiaketak, musika eta kirola egongo dira azaroan zehar. Aurten ez da ohiko abere-azoka egingo. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Euskadiko abere-azoka guztiak azaroaren 30era arte bertan behera lagatzea erabaki dute, sektoreari eragiten dion osasun-alertaren ondorioz.

Dena dago prest aurtengo San Andres jaiak ospatzeko, azaroaren 15etik azaroaren 30era bitartean. Beti bezala egun horretan, herria musikaz, tradizioz eta jai-giroz beteko da. Programak, Eibarko Udalak antolatzen duen kolektibo eta babesle askoren laguntzarekin, gastronomia-, kultura- eta herri-jarduerak uztartzen ditu,  herriko ohiturei bizirik eusteko xedez.

Jon Iraola Eibarko alkateak jai hauek herriarentzat duten garrantzia azpimarratu du: "San Andres jaiak urteko une berezienetako bat dira Eibarren. Adin guztietako bizilagunak batzen dituen ospakizuna da, gure sustraiekin topo egiteko aukera eta eibartarrak izatearen harrotasuna partekatzeko abagunea.

Festa hauek gure herriaren izaera ireki, langile eta solidarioa islatzen dute, non tradizioa modernitatearekin nahasten den". 

Jarduerak azaroaren 15ean hasiko dira, Bakailaoaren XXI. Eskola arteko Lehiaketarekin eta Bacalaos Alcorta Pintxoen VII. Lehiaketarekin. Errebal Plazan bilduko dira sukaldari gazteak eta Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako chef onenak. Patxi Lejardi zinegotziaren arabera, “gastronomia gure jaien zutabeetako bat da;  Eibarrek kalitatezko lehiaketetan erreferente izaten jarrai dezala nahi dugu”.  Gainera, Lejardik eskerrak eman dizkie babesleei. “Bacalaos Alkorta, Aceites Urzante, Inoxibar, Igartza, Ederto, Mekahotel, Comercial Zabala eta Solera eibarresari esker egin dezakegu lehiaketa hau".

Azaroaren 22an Txistorraren Egunaren XXI. edizioa egingo da, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Untzaga plazan kilometro bat txistor salduko da, eta egunean zehar musika- eta kirol-emanaldiak egongo dira. Hurrengo egunean, azaroak 23, eta Untzagan, baita ere, San Andres Sari Nagusia Bakailao Lehiaketaren XXXI. edizioa egingo da, herriko enpresen lankidetzarekin.

Azaroaren 28an, eta Kitto! elkarteak antolatzen duen XXIX. Bertso Jaialdia egingo da Coliseo Antzokian. Ekitaldi horretan Joanes Illarregi, Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariek hartuko dute parte. Andoni Zabala Kultur zinegotziaren hitzetan, “sanandresak gure kultura-adierazpen benetakoenak (bertsoa edo dantza) balioan jartzeko unea dira”. Azaroaren 29a musikaz eta jai-giroz betetako eguna izango da, arratsaldetik goizaldera arte. 17:00etan Ustekabe Txaranga erdiguneko kaleetatik ibiliko da musika jotzen, 19:00ak arte. Jarraian, 19:30ean, Zutik taldeak Erromeriaren erritmoa markatuko du Untzaga plazan 22:00ak arte, programako ekitaldirik herrikoienetako batean. Gauean, Sustraia taldearen kontzertua izango da, 22:30ean, Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak antolatuta.

Gauean, halaber, informazio- eta prebentzio-guneak egongo dira 00:00etatik 02:00etara. Ai Laket programak substantzien testing-zerbitzua eskainiko du Untzagan; ordutegi berean, Garaiak informazio-puntuak aisialdiari eta kontsumo arduratsuari buruzko gaiak jorratuko ditu; eta 00:00etatik 03:00etara, Sexubizi programak espazio mugikor bat izango du, genero-erasoen aurrean informazioa, aholkularitza eta babesa emateko.

Azaroaren 30ean, San Andres Egunean, XLVI. Nekazaritza Azoka ospatuko da 9:30ean, Usartzako Txistulari Bandaren kalejira 11:30ean, Aizkolari Txapelketa 12:00etan, bertsolariak eta trikitilariak ordu berean, eta erromeria herrikoia Kezka Dantza Taldearekin eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Eguna amaitzeko, pintxo- eta kartel-lehiaketen eta nekazaritza-azokaren sariak banatuko dira.

Aurten ez da ohiko abere-azoka egingo. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Euskadiko abere-azoka guztiak azaroaren 30era arte bertan behera lagatzea erabaki dute, sektoreari eragiten dion osasun-alertaren ondorioz.  Eibarko Udalak ere bat egin du prebentzio-neurri horrekin.

“Pena da ezin izatea abere-azoka egin, San Andres eguneko irudi tipikoenetako bat izaten da-eta. Hala ere, uste dugu osasunak eta prebentzioak gauza guztien gainetik egon behar dutela. Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek debekatu egin dituzte halako azoka guztiak, osasun arrazoiengatik. Aurten, beraz, abererik gabe pasatu beharko ditugu sanandresak". 

“Sanandresak Eibarren” kartel-lehiaketaren irabazleak 

Lehiaketei dagokienez, "Sanandresak Eibarren" kartel-lehiaketako epaimahaiak (Natalie Garrido, Iratxe Barruetabeña, Ane Ferrer eta Leire Kareaga) honako sari hauek ematea erabaki du: 

Helduen kategorian, lehen sariaren irabazlea Molina de Segurako (Murtzia) Victoria de Arce Guerrerrorentzat izan da (23 urte), “La tradición se saborea” lelopean.

2010 eta 2013 urteetan jaiotakoen artean, haurren kategorian, lehen saria 15 urteko Lennon Franko Martínezentzat izan da, "San Andres barazkiduna" lelopean, eta 2014 arteko kategorian, 9 urteko Anas Jebari Benslaiman, "Piper lehiaketa" kartelarekin. 

Guztira, 38 helduk, 11 eta 14 urte arteko 19 haurrek eta 10 urte arteko 36 umek hartu zuten parte.

Kartel irabazleak

Victoria de Arce Guerrerroren “La tradición se saborea”

Lennon Franko Martínezen "San Andres barazkiduna"

Anas Jebari Benslaimanen "Piper lehiaketa"