Eibarko Udala
kultura

Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua egongo da Gazte Egunean

2026/01/30
Gazte Eguneko kartela.
Gazte Eguneko kartela.

Nafarroako bandak Untzaga plazan joko du otsailaren 7an, gazteei begira antolatutako egunaren barruan. Kontzertuaren ondoren, DJ saio bat egongo da

2026ko otsailaren 7an, 23:00etatik aurrera, Eibarko Untzaga plazak Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua hartuko du. Mexikoko korridoak eta rantxerak euskal soinu eta tradizioarekin uztartzen dituen “Napar-Mex” deituriko estiloaren ordezkari nagusienetako bat da taldea. 

Untzagan jarriko den karparen barruan joko dute, Gazte Egunaren programazioaren barruan, Eibarko Udalak eta IPQ kuadrillak antolatuta. IPQ lagun-taldea ezaguna da, besteak beste, urtero ekainean Unben kuadrillen arteko futbol torneoa antolatzen duelako.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du zein garrantzitsuak diren horrelako ekimenak: “Gazte Eguna gazteentzako jarduerak eskaintzearen aldeko apustu bat da, hala, parte-hartzea eta jai-giroa bultzatzen baita. Los Zopilotes Txirriaos bezalako talde bat izateak indartu egiten du helburu hori”.

IPQ kuadrillaren lana ere nabarmendu du Iraolak: “IPQren eta Udalaren arteko sintonia onari esker antolatu ahal izan da kontzertua. Eskerrak eman nahi dizkiegu urte guztian zehar Eibarren giro ona izan eta herriko gizarte- eta kirol-bizitza bizirik egon dadin egiten duten lanagatik”.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak ere balioan jarri du Los Zopilotes Txirriaos taldearen musika-proposamena: “Kultura-nahaste interesgarria dakarte, desberdina eta jai-girokoa, ezin hobeto uztartzen dena Gazte Egunarekin, alegia, eguna ospatuko duten gazteekin. 

Hauek dira banda osatzen duten kideak: ahotsak, “Konejo” Etxeberri eta Laura “La Valentina”; baxuak, “El Largo” eta Montso; trikitixa, Eneko Dorronsoro; metalak, Juxepo eta Ion Expeso; gitarra, Kristobal Baltxo; eta, bonboa eta danborra, Ander.

Kontzertuaren ondoren, jai-giroan jarraitzeko, DJ saio bat egongo da.