Liburutegiaren 2024ko jarduera-memoria aurkezten dugu

2024an Udal Liburutegiak izan dituen datu eta jarduera aipagarrienak aurkezten dira txosten honetan
Laburpena bideoan eta txosten osoa hemen aurki dezakezue.
Gure zerbitzuak eta antolatzen ditugun jarduerak gure misioa betetzera bideratzen dira beti, hau da, Liburutegia topagune bihurtzera, bai fisikoki bai birtualki, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Helburua irakurketa sustatzea, etengabeko ikaskuntza eta kultura zabaltzea da, baita bertako funtsen azterketa eta ikerketa erraztea, eta informazioaren teknologiak eskuratzeko gune izatea ere.
2024an 123.732 bisitari izan ditugu, batez beste 385 pertsona eguneko, 2023an baino %0,42 gehiago. Horietatik, 44.803 goizez etorri dira eta 76.174 arratsaldez. 3.591 pertsona inguruk erabili dute ikasketa-gela. Eguerdian, azterketa garaian Liburutegia egun osoan irekita izaten dugunean, 3.105 pertsona bertaratu dira.
Beste datu interesgarri bat da irakurketa sustatzeko ekintzetan 2.617 pertsonak hartu dutela parte urtean zehar antolatutako 198 saioetan.
Ekintza horien artean hauek daude, besteak beste, "Zapatuko ipuina", irakurketa-klubak (haurrentzat zein helduentzat), ingelesa eta frantsesa praktikatzeko bilerak, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak eta eskola-bisitak. Gainera, AGIFESeko irakurketa errazeko taldeentzat ere uzten ditugu gure espazioak.
Internet zerbitzua 4.788 pertsonak erabili dute, kontuan izan gabe beren ordenagailu eramangarriekin Liburutegiko WIFIra konektatu diren pertsonak.
Bestalde, Liburutegia 12.843 bazkide izatera iritsi da, Eibarko biztanleriaren %46,57, hain zuzen. Iaz baino 514 bazkide gehiago ditu Liburutegiaren komunitateak.
Irakurle aktiboak guztira 3.315 izan dira. Irakurle aktiboak Eibarren bazkide egin eta urtean behin gutxienez mailegu-zerbitzua erabili duten pertsonak dira.
Liburutegi-funtsa 89.665 dokumentuz osatuta dago, hau da, biztanleko 3,25 dokumentu. Funts honetan liburuak ez ezik, DVDak, diskoak eta aldizkariak ere badaude.
Katalogoarekiko interesa ere nabarmena da: 12.046 kontsulta. Gero eta mailegu- edo erreserba-eskaera gehiago jasotzen ari gara katalogoaren bidez modu autonomoan eginda.
2024an 34.387 mailegu egin dira, 115 egunean, eta 2023an baino 1.210 gehiago. Gure helburua maila horri eustea da, joera orokorra beheranzkoa baita. Bai helduentzako bai haurrentzako liburutegian mailegu kopuruak gora egin du 2023arekin alderatuta. Batez beste, biztanleko 1,25 mailegu izan dira, Estatuko batez bestekoa (%0,49 biztanleko) eta autonomia-erkidegokoa (%0,79 biztanleko) baino askoz handiagoa.
Liburutegiaren jarduera nagusiak urtez urte mantentzeak zerbitzuaren erabiltzaile leial batzuk izaten jarraitzea ahalbidetzen du, eta horrek erabilera-datuak mantentzen laguntzen du.
Liburutegien arteko mailegua ere handitu egin da. Zerbitzu horren bidez, gure katalogoan ez dauden baina sareko beste liburutegietan dauden liburuak ekartzen dizkiegu interesdunei. Alderantziz ere bai: gure liburuak ere beste liburutegietara bidaltzen dira haien erabiltzaileen eskaerari erantzunez. Guztira, 4.542 liburu trukatu dira. Horietatik, beste liburutegietara 2.460 liburu bidali dira (horietako bi Saretik kanpokoak, Badajozeko Estatuko hainbat liburutegi publikotara). Guk, berriz, 2.082 eskatu ditugu (2.081 Sare barruan eta 1 Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Liburutegian). Halaber, 26 lote ekarri dira, guztira 393 libururekin, Eibarko irakurketa-klubetarako.
Urtean gehien mailegatu diren euskarazko hiru eleberriak :
- Karmele Jaio - Maitasun kapitala
- Karmele Jaio - Aitaren etxea
- Uxue Alberdi - Belarriko kilkerra
Eta gehien mailegatu direnak gaztelaniaz:
- Freida McFadden - La asistenta
- Sonsoles Ónega - Las hijas de la criada
- Davide Longo - Las bestias jóvenes
Haur- eta gazte-literaturan, euskaraz gehien mailegatu diren lanak:
- Mario Ramos - Neu naiz indartsuena
- Émile Jadoul - Kopetilun
- Pat Hutchins - Gabon hontza!
Eta gaztelaniaz:
- Tenya Yabuno - Inazuma Eleven (manga)
- Noriyuki Konishi - Yo-Kai Watch (manga)
- Aruko - Confuso primer amor (manga)