Eibarko Udala
saria María Moliner Eibar Juan San Martin Liburutegia

Liburutegia berriro izan da saritua irakurketa sustatzeko "María Moliner" proiektu lehiaketan

2018/11/15
Kultura Ministerioak irakurketa bultzatzeko ekimen onenetarikotzat hartu du "Gota a gota, inculcando el valor de la lectura’” proiektua.

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiak Maria Moliner saria jaso du 2018an ere. Maria Moliner saria Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen du urtero irakurketa sustatzeko, eta 50.000 biztanletik beherako liburutegiek irakurketa bultzatzeko antolatzen dituzten ekimen onenak saritzen ditu. Juan San Martin liburutegiak aurten aurkeztu duen proiektuak “Gota a gota, inculcando el valor de la lectura" izenburua du, eta bereziki umeei eta gazteei zuzenduta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan saria lortu duten bederatzi liburutegietako bat da Eibarkoa; Gipuzkoako liburutegi bakarra. Ez da lehenengo aldia Juan San Martin Liburutegiak María Moliner lehiaketako sarietakoren bat irabazten duena; izan ere, aurten hamalaugarrenez lortu du saria. 2003 eta 2018 urte bitartean lortu ditu guztiak, 2011. urtean izan ezik. Saria 1.706,66 eurokoa da, zeintzuk Liburutegirako liburuak erosteko bakarrik erabili beharko diren.

Urtean zehar antolatzen diren irakurketa sustatzeko jarduerak programa iraunkor baten osagaiak dira. Horrekin lortu nahi da erabiltzaileek liburutegira etortzeko ohitura har dezaten, bai topagune antzera erabiltzeko, bai irakurgaien bila.

Liburutegiko ohiko programazioan honako hauek izaten dira: irakurketa-klubak, irakurketa sustatzeko lehiaketak, ipuin-kontalarien saioak, liburu aurkezpenak eta hitzaldiren bat edo beste. Aldi berean, kanpaina bereziak egiten dira udalean antolatzen diren efemeride edo ekitaldi konkretuei lotuta. Ildo horretan, aipatzekoak dira une honetan Liburutegian ditugun bi interesgune: bata, Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, eta bestea, emakume eibartarren argitalpenak biltzen dituena, “Eibarko emakumeen aztarnak” erakusketa dela eta.

Heldu zein ume eta familiei daude zuzenduta antolatzen diren jarduerak. Eguneroko erabiltzailea fidelizatzea bilatzen da, baina baita Liburutegia ezagutzera ematea inoiz etorri ez direnak etortzen has daitezen.

Proiektura aurkeztutako jarduerak

Aurten, proiektura aurkeztutako jarduerak askotarikoak izan dira. Irakurketa sustatzeko atalean honako jarduera hauek egin dira: Bularretik Mintzora programa; Liburua, kulturarako sarbidea; Li(buru-hausgarriak) lehiaketa; Zapatuko ipuina; Umeentzako Irakurketa klubak (Azalerako ipuinak, Liburuen poltsa, Paperezko hegoak); Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna; Pertsona helduentzako gaztelerazko Irakurketa kluba; “Idazlearekin harixa emoten” euskarazko Irakurketa kluba; Liburuaren Nazioarteko Eguna; eta Hitzaldiak eta liburu aurkezpenak. Gizarte-inklusio atalean honako jarduera hauek egin dira: Irakurketa errazeko klubak; “Itsaspeko bihotzak” areto literarioa; eta Elegunea. Amaitzeko, "Liburutegiaren lan ona" izeneko atalaren barruan dauden jarduerak dira "eLiburutegia", “Liburu Artean” Liburutegi tailerra, dokumentu erakusketak interesguneetan, erabiltzaileen formakuntzarako tailerrak eta "Irakurtzen itxaroten dut".