Liburu eta Disko Azoka urriaren 30etik azaroaren 8ra izango da

Helburua irakurketa sustatzea da. Azokan hainbat salmenta-postu jarriko dituzte, eta azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Azoka irekita egongo da 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era larunbat eta igandeetan.
Aurten ere, Eibarren, Liburu eta Disko Azoka egingo da gaur, urriak 30, hasi eta hilaren 8ra arte, Unzaga plazan. Astegunetan, azoka zabalik egongo da 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20: 30era, asteburuetan. Era berean, herritarrei gogorarazten zaie, COVID-19ren pandemia dela eta, derrigorrezkoa izango dela azokan ere maskara erabiltzea, baita standetan emango den gel hidroalkoholikoa ere, eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu beharko dela.
Besteak beste, Elkar, Erein, Txalaparta eta Ttarttalo argitaletxeak izango dira. Eta, banatzaileak aparte, liburu-denda bat eta udalaren stand-a egongo dira.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, hainbat idazle izango dira bertan, besteak beste, Anton Arriola, Miren Palacios, Javier Sagastiberri eta Inma Roiz.
Besteak beste, honako liburu hauek aurki daitezke azokan: euskaraz, "Aitaren Etxea" (Karmele Jaio); "Kontrako eztarritik" (Uxue Alberdi); "Ene baitan bizi da" (Maddi Ane Txoperena); eta gaztelaniaz, "La Editorial" (Toti Martínez de Lezea); "El diario de Josep Barath" (Anton Arriola); "Solitude" (Juan Lekue); "Las tinieblas y el alba" (Ken Follet); "Línea de fuego" (Arturo Pérez Reverte); eta "La buena suerte" (Rosa Montero).
Liburutegiko datuak
Era berean, udal liburutegitik gogorarazi dute irakurketa talde ezberdinak daudela -helduen eta adin txikikoen artean- irakurketa sustatzeko helburu nagusiarekin. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (euskarazko irakurle taldea) eta gaztelaniazko irakurketa kluba. Adin txikikoak, berriz, honako talde hauetan sartzen dira: Azalerako ipuinak (hiru talde, 1 eta 3 urte bitarteko haurrekin), Liburuen poltsa (hiru talde, 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin) eta Paperezko hegoak (bi talde, 8 eta 12 urte bitartekoekin).