Lanbide Heziketa Eibarren, euskaraz ere bai

 Eibarko Lanbide Heziketan D ereduan dagoen eskaintzari buruz Osoko Bilkuren Aretoan egindako aurkezpena.

Eibarko Lanbide Heziketan D ereduan dagoen eskaintzari buruz Osoko Bilkuren Aretoan egindako aurkezpena.

2021/05/06

Helburu nagusia da Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzea. D ereduan LHn dagoen hezkuntza-eskaintzari buruzko informazioa emateko, ate irekien hainbat jardunaldi antolatuko dira: Armeria Eskolan, maiatzaren 11n, 17:30etik 19:30era; eta Uni Eibar-Ermua BHIn, maiatzaren 17an (maila ertainak) eta maiatzaren 19an (maila altuak), 17:00etatik 18:00etara. Gainera, azken zentro horretan ate irekien online jardunaldia egingo da maiatzaren 22an.

Gaur goizean, Eibarko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan, gaur egun Eibarko Lanbide Heziketan D ereduan dagoen eskaintzari buruzko aurkezpena egin da.

Bertan izan dira Jon Iraola alkatea, Ana Telleria Garapen Ekonomikoko zinegotzia, Iker Espilla Armeria Eskolako Estrategia zuzendaria, Oskar Gisasola Uni Eibar-Ermua BHIko zuzendaria eta Uni Eibar-Ermua BHIko eta Armeria Eskolako ikasleen ordezkaritza bat.

Lanbide Heziketa Eibarrera eta inguruko ekoizpen-sektoreetara hurbiltzeko bide zuzena da, eta Eibarren garrantzi handiko bi ikastetxe daude horretarako: Armeria Eskola eta Uni Eibar-Ermua BHI.

Eibarko Udala, bere aldetik, 80ko hamarkadatik ari da lanean udalerrian eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko, eta erabat jabetzen da hezkuntza-sistema normalizazio horretan jokatzen ari den paperaz.

Eibarko alkate Jon Iraolaren hitzetan, "Hezkuntza sisteman eibartar ia haur guztiak D ereduan eskolatzeak bermatzen du urte gutxiren buruan ia herritar guztiak elebidunak izango direla; guztiak gai izango dira, gutxienez, euskara ulertzeko, eta horrek aukera emango dio euskaraz bizi nahi duenari euskara esparru guztietan erabiltzeko. ".

Eta, ildo horretan, Derrigorrezko Hezkuntza osoa D ereduan egin ondoren, Lanbide Heziketa D ereduan egiteko aukera ere badago. Horrek berekin ekarriko du ordura arte hizkuntzari dagokionez egindako ikasketen jarraipen naturala, eta plus bat emango dio ikaslearen prestakuntzari, lan-merkatuari begira.

Bestalde, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak gogorarazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak indarrean du 'Esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko 2020-2023 Plana', eta jasotzen dituen azken helburuen artean dago Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzea". Helburu horrekin bat egin nahi du Eibarko Udalak ere, adierazi dutenez.

D ereduaren onurak


Lanbide Heziketako ikasketak D ereduan egiteak dakartzan onuren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Enpresa aurreratuenek kontratazio berrietan euskara jakitea eskatzen dute.
  • Enpresa askoren lan-ingurunea euskalduna da, eta bezeroei arreta emateko lanpostuek euskaraz trebatzea eskatzen dute; izan ere, bezeroak beraiek nahi duten hizkuntzan artatzen direnean, poztasun handiagoa izaten dute.
  • Kontratazio publikoetan (Osakidetza, Hezkuntza, Kabia, Udalak, Mankomunitateak...) euskara jakitea eta B1 edo B2 ziurtagiriak izatea ezinbesteko baldintzak dira.
  • Ikasketak beti euskaraz egin dituenak normaltasun osoz egiten du Lanbide Heziketa D ereduan.
  • Ikasketak euskaraz eginez gero, prestakuntza osoagoa izango dute, bi hizkuntza ofizialak menderatuko baitituzte.
  • Erdi-mailako ikasleek euskarazko B1 agiria lortzen dute eta Goi-mailakoek B2 agiria.

Armeria Eskola, euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntzan erabiltzearen alde


Iker Espilla Armeria Eskolako Estrategia zuzendariak adierazi duenez, azken urteotan apustu sendoa egin dute euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, bai zerbitzu-hizkuntzan, bai lan-hizkuntzan.

"Zerbitzu-hizkuntzari dagokionez, azken hamarkadan % 60 igo da D ereduan ikasten duten ikasleen kopurua: 2010/11 ikasturtean 109 ikasle zeuden D ereduan matrikulatuta, eta 2020/21 ikasturtean euskara hutsean ikasten duten 174 ikasle izatera iritsi gara. Eta azken ikasturtean D ereduko matrikulak % 9,4 egin du gora ", adierazi du.

Datorren ikasturtean A ereduko 3 ziklo B ereduan sartuko dira, euskarazko eskaintza indartuz. 2021/22 ikasturtean, 4 ziklo emango dira D ereduan, 5 ziklo B ereduan eta 4 ziklo soilik A ereduan. Zehazki, A eredutik B eredura igaroko diren zikloak hauek izango dira: Mekanizazioa (erdi-maila), Telekomunikazio- eta Informatika-Sistemak eta Mantentze-lan elektronikoa (goi maila).

Arduradunek adierazi dutenez, "Urtez urte matrikulazioa etengabe hobetzen ari dela ikusten bada ere, indarra egiten jarraitu behar da Hizkuntza Proiektuak epe motzera ezarritako helburua lortzeko: D eta B ereduak % 75 izatea, 2024an.

Lan-hizkuntzari dagokionez, nabarmentzekoa da Armeria Eskolak 2020an lortutako emaitza. Izan ere, Zilarrezko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu zuen normalizazioaren bidean egindako lanari esker.

Armeria Eskolako ate irekien jardunaldia maiatzaren 11n izango da, 17: 30etik 19: 30era.

Uni Eibar-Ermua BHIko datuak

Bestalde, Oskar Gisasola Uni Eibar-Ermua BHIko zuzendariak azaldu duenez, gaur egun, euskaraz eskaintzen duten taldeen kopuruari dagokionez, 8 D eredukoak dira eta 4 B+ eredukoak.

"Lanbide Heziketako ikasketen % 52 euskaraz eskaintzen ditugu eta datozen 3 urteetan zikloen % 70era iristeko helburuarekin", gaineratu du.

Ikasleen bilakaerari dagokionez, nabarmentzekoa da 18 eta 19 urte bitarteko ikasleen % 20,71k euskaraz ikasten dutela, 19 eta 20 urte bitartekoen % 23,27k gauza bera egiten dutela, eta 20 eta 21 urte arteko ikasleen % 34k ere D ereduan egiten dituztela ikasketak.

Irakasleei dagokienez, klaustroak euskalduntze handia izan du azken lau urteetan. Gainera, irakasleen arteko harremana % 100 da euskaraz, eta sailen eta lantaldeen bileretan erabiltzen den hizkuntza euskara da.

Era berean, dokumentazio berria euskaraz sortzen da eta orain arteko dokumentazioa euskarara itzulita dago.

Halaber, ikasturte honetatik aurrera, enpresekiko harremanetan euskararen erabilera hobetzeko eta diagnostikoa egiteko plana garatzen hasi dira.

Eta beste alderdi aipagarri bat da lantokiko prestakuntza eta prestakuntza duala euskaraz egiten duten ikasleei ematen zaien ziurtagirian "LP/DUAL euskaraz" zigilua gehitzen dela.

Azkenik, Uni Eibar-Ermua BHIren kasuan, ate irekien jardunaldi hauek aurreikusi dira: maiatzaren 17a (erdi mailak) eta maiatzaren 19a (goi-mailak), 17:00etatik 18:00etara. Gainera, ate irekien online jardunaldia egingo da maiatzaren 22an.

Interesdunek informazio gehiago jaso ahal izango dute www.uni.eus webgunean.