Eibarko Udala
Atea Irekiz

Jon Alonso bakarlari gisa arituko da Coliseoan apirilaren 4an “Atea Irekiz” lanarekin

2025/03/27
Ezkerretik eskumara: Andoni Zabala, Kultur zinegotzia; Jon Alonso abeslari eibartarra; eta Jon Iraola alkatea.
Ezkerretik eskumara: Andoni Zabala, Kultur zinegotzia; Jon Alonso abeslari eibartarra; eta Jon Iraola alkatea.

Abeslari eibartarra hainbat artistaz eta dantzariz lagunduta egongo da. Herriko talentua eta 0 kilometroko kultura babestearen garrantzia azpimarratu du Udalak.

Jon Alonso kantari eibartarrak pauso garrantzitsua emango du bere musika-ibilbidean, apirilaren 4an, Coliseo Antzokian, 19:00etan, aurkeztuko duen Atea Irekiz proiektu berriarekin. Kontzertu berezi honetan, Jon Alonsok  bere ibilbide artistikoan funtsezkoak diren pertsonak izango ditu lagun, bai hasieratik ondoan izan dituenak, bai azken urteotan batu direnak.

Haien artean, Elena Martin Eibarko Koro Gaztearen zuzendaria egongo da, zeina oso garrantzitsua izan den artistarentzat: “Bera izan dut gidari musikaren munduan".

Oihane Zabala eta Garazi Aizpurua ere egongo dira eszenatokian. Haiek ere Eibarko Koro Gaztean ezagutu zituen eta oso lotura estua du biekin. “Koruak bigarren familia bat eman digu, asko batu gaitu”, adierazi zuen…eta Kitto aldizkarian emandako elkarrizketa batean. Haiekin osatu zuen berriki ODE taldea, zeinaren lehen emanaldia  …eta kitto! elkarteak antolatutako Eibarko Kirol Sarien ekitaldian izan zen. Nahiz eta bakoitzak bere bidetik jarraituko duen, erabaki dute taldearekin jarraitzea, ekitaldi, ezkontza eta ospakizunetan kantatzeko.

Ztandan lehiaketako finalera iritsi zen Leila Askaso ere igoko da eszenatokira.  Gainera, Ztandaneko June Viñas eta Nahir Alkain dantzariak ikuskizunaren alderdi koreografikoaz arduratuko dira.

Atea Irekiz emanaldirako sarrerak salgai daude, 5 eurotan.

Jon Iraola Eibarko alkateak babesa erakutsi nahi izan du: “Harrotzekoa da ikustea nola ari den hazten eta finkatzen herriko talentua. Jon Alonso esfortzuaren eta musikarekiko pasioaren adibide argia da, eta seguru gaude bere kontzertua oso arrakastatsua izango dela".

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak herriko artisten aldeko apustua egitearen garrantzia azpimarratu du: “Eibar beti izan da talentu handien harrobia, eta jarraitu egin behar dugu 0 kilometroko artea eta kultura sustatzen. Funtsezkoa da ikusgarritasuna ematea gure musikari, dantzari eta sortzaileei, eta horrelako ekimenak aukera ezin hobea dira horretarako”.