Jaietan alkohol gehiegikeriaren kontrako umorezko pegatina diseinatzeko deialdia plazaratu du Udalak

2019ko logotipo irabazlea.

2019ko logotipo irabazlea.

2022/04/25

Lanak elektronikoki aurkezteko epea apirilaren 25etik maiatzaren 9a arte egongo da irekita. Deialdi honekin batera, Kultura Saila lanean ari da San Juan jaietako programa prestatzen. Aurten herriko jaiek normaltasuna berreskuratuko dute osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu.

Eibarko Udalak, Gizartekintza Sailaren bidez, plazaratu du jaietako alkohol-kontsumo gehiegikeriaren kontrako umorezko pegatina bat egiteko lehiaketaren deialdia. Horrela berreskuratu da jaietako ohiko ekimenetako bat, sanjuanak ate-joka daude-eta.  Kultura Saila zehazten ari da gainean dauden herriko jaien programazioa.

Pegatinak edo eranskailuak, Udalak argitaratu dituen dituen oinarrien arabera, alkohol-kontsumoa neurtzera zuzendutako mezua izan behar du, euskaraz. Pegatinak 7x7 cm izango ditu, eta, diseinu aldetik, karratua edo zirkularra izan daiteke. Aurkezten diren lan guztiak jatorrizkoak izango dira, eta ezingo da erabili beste inoren lanik, ez osorik, ez zati batean.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 25ean (astelehena) irekiko da eta maiatzaren 9ra arte egongo da zabalik. Lehiaketan izena emateko esteka honetan dagoen formularioa bete behar da: https://formularioak.eibar.eus/pegatina2022. Alde horretatik, azpimarratu behar da pegatina formatu digitalean erantsi beharko dela; ez dela onartuko elektronikoa ez den beste bide batzuetatik jasotako lanik.

Inskripzio elektronikoa egiteko, egileak datu hauek eman beharko ditu: izen-abizenak, NANa (14 urtetik aurrera nahitaezkoa), helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta pegatinaren leloa. Inskripzio-formularioa elektronikoki bete ondoren, pegatina erantsiko da.

Lehiaketaren irabazlearentzat ezarritako saria 200 eurokoa da, eta pegatina irabazlea Udaleko Gizartekintza Saileko (adikzioak) eta Kulturako (Marrazketa Eskolako) langileek osatutako epaimahai batek aukeratuko du. Epaimahaiak maiatzaren 13an emango du jakitera erabakia Udalaren webean.

Bestalde, epaimahaiak baztertu egingo ditu konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo homofoboak dauzkaten lanak edo pertsonen edo erakundeen kontrako lan iraingarriak.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi posta elektroniko honetara, gizartekintza@eibar.eus; deitu 943708440 telefonora, edo jo Udalaren web orrira bertara www.eibar.eus.

Jon Iraola Eibarko alkateak hauxe adierazi du gaiaren inguruan: “Lehiaketa honen deialdiak, eta Kultura Saila San Juan jaietarako egitaraua prestatzeko egiten ari den lanak agerian uzten dute, seguru asko, oraingo osasun-egoerak aukera emango duela aurtengo sanjuanak pandemiaren aurreko normaltasun harekin ospatzeko,  jaiak egitea eragotzi duten urte biko murrizketen ondoren.”.

Hori dela eta, Udalak jaietako programazioa orrazten dihardu, eta dagoeneko hitzartuta daude musika-emanaldi nagusiak, bere garaian jakinarazi zen bezala. Ekainaren 17rako, En Tol Sarmiento (ETS) taldearen kontzertua izango da. Hurrengo egunean, ekainaren 18an, Tanxugueiras izango da Eibarren, Xabier Aburruzaga trikitilariarekin batera, Galiziako eta Euskadiko musika bateratuko dituen musika-emanaldi batean.