Jai-egitarau zabala antolatu da Aratosteetarako

2024ko aratosteetako aurkezpenaren irudia.

2024ko aratosteetako aurkezpenaren irudia.

2024/01/30

Otsailaren 8tik 13ra bitartean hainbat ekitaldi egingo dira: ikastetxeen kalejira, Kaldereroak, kuadrilen desfilea, sardinaren entierrua, berbenak eta haurrentzako jolasak. Hilaren hiruan, Kezka Dantza Taldeak ongietorria egingo die Aratosteei, Koko-Dantzekin eta Koko-Eskearekin; aurten Aginaga auzoan egingo dute koko-eskea, eta arratsaldean kalera jaitsiko dira.

Eibarko Udalak jarduera-egitarau zabal bat antolatu du Aratosteetarako. Ekitaldi gehienak otsailaren 8tik 13ra bitartean izango dira, nahiz eta Kezka taldeak larunbatean (otsailak 3), San Blas egunean, egingo dien ongietorria Aratosteei, Koko-Dantzekin.

Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak udaletxean aurkeztu dute jai-egitaraua; horrekin batera, aurtengo Aratosteetako kartela ere ezagutzera eman da. Lehiaketan parte hartu duten 120 kartelen artean, irabazlea María Ortiz Bañosena izan da “Mozorro lehiaketa” izenarekin. 11 urtetik 14 urtera bitarteko kategorian, irabazlea Jare Arzuaga Ibarretxe izan da “Aratosteetako oroitzapenak” kartelarekin; eta, azkenik, 10 urte arteko kategorian, irabazlea Ane Plaza Ubera izan da “Karnabalak airean” kartelarekin.

Jon Iraolak esan duenez “Eibarko Aratosteak oso biziak eta alaiak dira beti, eta herriari kolorez betetako giroa ematen diote. Ospakizunez eta kultur-jardueraz betetako urtearen hasiera markatzen duten jaiak izaten dira.” Azkenik, eibartarrak animatu ditu Udalak antolatutako jardueretan parte hartzera.

Ohikoa den bezala, Kezka Dantza Taldeak emango die ongietorria Aratosteei Eibarko baserrietatik, Koko-Dantzekin eta Koko-Eskearekin; aurten eskea Aginagako auzoan egingo da.  Parte-hartzaileak larunbatean (hilak 3) elkartuko dira Errebalen 8:30ean. Han Errebal Plazako baserritarrentzat egingo dute dantza lehenik, eta gero Aginagara joko dute. Auzo horretan baserriz baserri egingo dute dantza, 9:00etatik 15:00etara. Arratsaldean, Koko-Dantzak erdigunera itzuliko dira. 18:30ean Errebalen bildu eta Zuloagatarren kaletik, Toribio Etxebarriatik, Untzagatik, Kalbetoitik eta Plaza Barritik ibiliko dira, 21:15ean Errebalera itzultzeko.

Otsailaren 8an, Eguen Zuri egunean, Eibarko ikastetxeetako kalejira egingo da, 15:15ean hasita.  Ikasleek herriko kaleetatik desfilatuko dute, Eibar Inauterietako giroan murgiltzeko. 17:00etan Jainaga eta Narbaiza trikitilariak kalejiran irtengo dira Urkizutik Untzagaraino. Untzagara iristean, Liskerren erromeria hasiko da; 17:00etatik 19:00etara makillaje- eta maskara-tailerrak egongo dira Astixa aisialdiko zerbitzuaren eskutik.  Eguen Zuri eguneko ekitaldiak Casa Galizia-n amaituko dira, 19:00etatik aurrera egingo den mozorro-lehiaketarekin.

Barixakuan Kaldereroen desfilea egingo da.  Kalejira 20:00etan Urkizun hasi eta Untzagan amaituko da. Bertan hainbat taldek hartuko dute parte: Kezka Dantza Taldea,...Eta kitto!, Txolarte, Ustekabe fanfarrea, Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako jubilatu-etxeko abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikitixa-eskola. Eta kitto elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta, eguna Aratosteetako pregoiarekin amaituko da, 20:30ean Errebalen.

Zapatuan photocall bat jarriko da Untzagan, 12:30ean (14:30era arte). «Rock kalean» emanaldia hasiko da, Eibarko kaleak musikaz betez, eta kuadrilen desfilea ere egingo da. Ustekabe fanfarreak lagunduta, desfilea Untzagatik hasi, eta Kalbetoi, Bidebarrieta, Julian Etxeberria eta Toribio Etxebarria kaleetatik igaroko da. Parte hartzeko interesa duten kuadrillek otsailaren 8ra arte eman dezakete izena, https://formularioak.eibar.eus/eu/aratosteetakokuadrillenkalejira2024 webgunean izango den formularioaren bidez.

Larunbat arratsaldean, Errebal kalean 16:30etik 19:30era puzgarriak egongo dira umeentzat eta berbena bat Untzagan Mugi Panderoa taldearekin 19:00etatik 21:30era bitartean.  Gainera, 19:00etatik aurrera, Rock Brass Band taldeak girotuko ditu herriko kaleak eta beste photocall-saio bat egongo da Untzagan 21:00ak arte.  19:30ean, kuadrillen desfileko irabazleei sariak entregatuko zaizkie, eta baita kartelen eta tabernen irabazleei ere.  Eguna amaitzeko Mugi Panderoak berriz ere joko du Untzagan 23:00etatik 1:30era.

Domekan, Usartza Txistulari Bandak kalejira bat egingo du 11:00etatik aurrera, eta arratsaldean playback-lehiaketa bat egingo da Untzagan 17:00etan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, …eta Kitto! elkarteak antolatuta, eta 18:30ean Arno DJ-aren emanaldia.

Martitzenean, otsailak 13, Errebalen haurrentzako jolasak egongo dira 17:00etatik 18:30era bitartean. Ordu horretatik aurrera, eta Jainagaren trikitilari taldearekin, amaiera emango zaie Aratosteei sardina txikiaren entierruarekin.

mozorro_lehiaketa_png.png
Kartel irabazlea.

JareArzuaga1114urte.jpg
Jare Arzuaga Ibarretxeren kartela.

AnePlaza10urtearte.jpg
Ane Plaza Uberaren kartela.