Indarrean dago Eibarko Udalak onartutako euskararen ordenantza berritua

Indarrean dago Eibarko Udalak onartutako euskararen ordenantza berritua

2019ko apirilaren 29an egindako Osoko bilkuran onartu zen euskararen ordenantza berria.

2019/11/28

Ordenantzaren helburua da Eibarren euskararen erabilera normala berreskuratzea, baita eibartarren hizkuntza eskubideak bermatzea ere. Halaber, Eibarren jendaurrean egingo diren jarduera edota ekintzetan informazioa euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko da, bai ahoz, bai idatziz.

Eibarko Udalak beti izan du euskararen normalizazioaren alde lan egiteko borondatea, eta horretan jarri ditu ahaleginak eta bitartekoak. Eta euskararen erabilera arautzen duen ordenantza berria horren adierazgarri bat gehiago baino ez da.

2014ko abenduaren 3an onartu zuen Udalak lehenengo euskararen ordenantza, baina Udal legerik gabe, eta momentu hartako gobernu Delegaritzak artikulu batzuk errekurrituta, epaitegitik pasatu ondoren Ordenantza eskas samarra geratu zen.

Oraingoan, Udal legea onartuta, arazorik gabe sartu da indarrean Eibarko Udalak onetsitako ordenantza.

Ordenantzaren helburua da Eibarren euskararen erabilera normala berreskuratzea. Hau da, gaur egun gaztelania normaltasun osoz erabiltzen da hiri honetako edozein esparrutan, eta ordenantza honen bidez lortu nahi dugu euskara ere halaxe erabili ahal izatea Eibarren.

Araubide honen bitartez, eibartarren hizkuntza eskubideak bermatu nahi dira. Izan ere, legeak honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen dizkie Euskal Herriko herritarrei: administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz; irakaskuntza hizkuntza ofizial biotan izateko eskubidea; aldizkariak eta irrati-telebistetako eta beste hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea; lanbide-jarduerak, langintza, politikagintza eta sindikatu-jarduera euskaraz egiteko eskubidea; edozein bilkuratan euskaraz mintzatzeko eskubidea.

Botere publikoek eskubide horien erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoaren lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen. Ondorioz, Eibarko Udalari dagokio eskubide horiek betetzen direla bermatzea.

Hortaz, honela jokatuko du Udalak herritarrekin:

Lehen hitza eta harrera

Euskara izango da lehen hitza telefonoan eta aurrez aurreko harreran.

Inprimakiak eta komunikazio idatziak

Udalak eta haren menpeko edozein erakundek herritarrei bidaltzen dizkieten komunikazio, ziurtagiri, gutun eta jakinarazpen idatzi guztiak hizkuntza ofizial bietan idatzita egongo dira.

Bilerak eta jarduera publikoa

Udaleko edozein bileratan euskaraz jarduteko eskubidea aitortzen zaie herritarrei. Hori horrela, herritarrek bileretan euskaraz egiteko eskubidea dutela adieraziko dute udal langileek eta zinegotziek.

Eibarko Udaleko ordezkari politikoek euskaraz eta gaztelaniaz hitz egingo dute ekitaldi publikoetan, Udalaren izenean ari direnean. Ekintza eta entzule motagatik, gaztelaniaren erabilera nagusi den jardueretan eta bileretan euskararen erabilera bermatuko da sarreran, aurkezpenean eta laburpenetan.

Herritar multzo euskaldunarentzako jarduerak euskaraz izango dira.

Jakinarazpenak

Ediktuak, ordenantzak, erregelamenduak eta beste edozein motatako erabakiak ele bietan argitaratuko dira.

Abisuak, argitalpenak eta harremanak hedabideekin

Herritarrentzako iragarkiak, diptikoak eta argitalpenak ele bietan argitaratuko dira. Baina euskaraz izango dira herritar multzo euskaldunarentzako argitalpenak.

Prentsa-oharrak ele bietan egingo dira eta Udalaren webgunea ele bietan egongo da.

Aldizkari, gida eta berripaperak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Gaiaren eta hartzailearen arabera, beste aukera batzuk aztertuko dira, betiere hizkuntza bien erabileraren arteko oreka mantenduta. Hala dagokionean, beste hizkuntza batzuk erabili ahal izango dira.

Ordenantzak derrigortasun gehienak Udalari berari ezartzen badizkio ere, eragina izango du baita Eibarko Udalaren dirulaguntzak jasotzen dituzten elkarte eta erakundeengan ere, batez ere euren jarduerak jendaurrean egiten dituztenean.

Udalaren dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek zein espazio publikoak, udal instalazioak eta materialak erabiltzeko eskaera egiten dutenek, jendaurreko ekitaldiak burutzen dituztenean, herritarrei orohar ematen zaizkien azalpenak, bai ahoz, bai idatziz, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dituzte.

Herritar multzo euskal hiztunari zuzenduta daudenean, euskara hutsean egin daitezke. Entzule motagatik gaztelaniaren erabilera nagusi den jardueretan euskararen erabilera bermatuko da sarreran, aurkezpenetan eta laburpenetan.

Entitateek Euskara Zerbitzura jo ahalko dute testuak itzultzeko eta zuzentzeko, betiere behar diren baldintzak betez gero.

Udalak pilotalekua, hesiak, oholtzak, futbol-zelaia eta bestelako udal instalazioak eta materialak erabiltzeko baimena ematerakoan, baldintza horien berri emango die interesatuei, eta haiek bete egin beharko dituzte, fidantza itzuliko bazaie.

Orohar esan dezakegu Eibarren jendaurrean egingo diren ekintzetan informazioa euskaraz eta gaztelaniaz emango dela, bai ahoz, bai idatziz.

etiketak: Euskara, Eibar, ordenantza