Eibarko Udala
Sanjuanak

2025eko sanjuanetako oso balantze positiboa: jai alaitsuak, parte-hartze handia eta intzidentzia gutxi

2025/07/03
Lizarrako dultzaineroei harrera.
Lizarrako dultzaineroei harrera.

Jon Iraola alkateak sanjuanetan herrian egon den jai-giroa eta herritarren eta kolektiboen inplikazioa azpimarratu ditu. Publiko guztientzako jarduerak eta intzidentziarik ezak markatu dituzte aurtengo jaiak.

Fanfarre-doinuen azken oihartzunarekin batera, gobernu-taldeak oso balorazio positiboa egin du aurtengo San Juan jaiei buruz.

Jon Iraola alkateak "jai-giroa eta herritarren eta kolektiboen parte-hartzea" azpimarratu ditu jaien arrakastaren arrazoi nagusi gisa. Halaber, adierazi du ez dela egon aparteko intzidentziarik.

Iraolak antolatutako ekitaldien harrera ona azpimarratu du eta balioan jarri nahi izan du herritarrek festetan adierazi duten entusiasmoa.

“Ni neu oso pozik nago ikusita nolako erantzuna izan duten prestatutako ekitaldi guztiek. Baina, pozik nago, batez ere, jendeak ondo pasatu duelako, eta hori da inportanteena, eta horrela esan didate herritar askok; beraz, balorazioa ezin da hobea izan", adierazi du alkateak.

Era berean, Iraolak eskerrak eman dizkie “sanjuanen antolaketan inplikatutako kolektiboen lanari, bereziki, elkarteei eta kuadrillei, izan ere, horiek gabe ezinezkoa izango zen dena ondo ateratzea”. 

Bestalde, Iraolak nabarmendu nahi izan du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietan segurtasuna bermatzeko egindako lana. Horri esker, jai lasaiak izan dira, gorabehera aipagarririk gabe, horrelako ekitaldi jendetsuetan ohikoak izaten diren gertaerez haratago.

Eta, era berean, goraipatu egin du Kultura Saileko, Zerbitzuetako eta, bereziki, Brigadako udal-langileek egindako lana, haiek gabe ekitaldi asko ez lirateke-eta aurrera aterako. 

Jaiak, tradizioak agintzen duen bezala, ekainaren 23an hasi ziren, Lizarrako dultzaineroei egindako harrerakin eta udaletxeko balkoitik botatako txupinazoarekin. Hala ere, jai-egitaraua ekainaren 7tik hasita zegoen, giroa lehenagotik berotuz.

Programazioa publiko guztientzat pentsatuta egin da, eta finkatutako ekitaldiak proposamen berritzaileekin konbinatu ditu. Ez dira hitzordu klasikoak falta izan, hala nola danborradak, San Juan sua, marmitako-lehiaketa edo kontzertuak, Los40, Donostiako Orfeoia, Süne, Kokein, Seguridad Social eta Danel Santiago DJ eibartarra, zeinek ehunka lagun bildu zituzten Untzaga plazan.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, "jendearen erantzuna izugarria izan da.  Poztekoa da ikustea nola irteten diren herritarrak kalera disfrutatzera eta nola baloratzen duten emanaldi edo jarduera bakoitzaren atean dagoen esfortzua".

Bestalde, Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak eskertu nahi izan du “eibartarren jarrera eredugarria, zeinak erakutsi baitu beste behin jai hauetan errespetua, alaitasuna eta elkarbizitza direla nagusi”.  Lejardik, halaber, kuadrillen eta elkarteen inplikazioa nabarmendu du, “herria poztasunez eta sormenez bete baitute”.

Herritarren kexak San Juan Suaren ekitaldian

Balorazio positiboa izan arren, kritika batzuk ere egin dira.

Neledantza” taldearen ikuskizunean (San Juan suaren gaua) egon ziren pertsona batzuek kritikatu egin dute emanaldian zehar Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak txosnetako musika kendu ez izana; Txosnen musikak eragotzi egin zuen dantza-taldearen proposamen artistikoa egoki jarraitzea, eta horrek haserrea eragin zuen emanaldia ikustera joan zen jendearen artean, eta hala adierazi diote askok Udalari.

Antzeko zerbait gertatu zen iaz, ekainaren 24an, Soka Dantzan.

Era berean, nabarmentzekoak dira Txaltxazelai inguruko bizilagunek Udalean adierazitako kexak. Antza denez, Jaixak Herrixak Herrixandakok zabor pila bat laga zuen (kartoiak, edari-kaxak, plastikoak eta pankartak) txosnak kendu ondoren, eta zabor horiek Mankomunitateko langileek erretiratu behar izan zituzten.