Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du udalak aurten ere

2017/11/29

Udalak bat egin du Euskararen Nazioarteko Adierazpen instituzionalarekin. Urtero legez, euskara maite dugula eta Eibarren euskaraz bizi nahi dugula nabarmen geratzea da helburua.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Eibarren ere ospatuko dugu, urtero bezala. Egun berezi hori Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949. urtean. Duela 21 urte, 1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen, eta harrezkero, abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna.

Aurten, gainera, egun osoko egitaraua izango dugu. 'Emon eskua euskeriari' izango du goiburu, eta eguneko ekitaldietako batek, bereziki, horrekin izango du zerikusia, horma-irudiak osatuko baitira eskuekin.

Aurtengo berritasunetako bat Eibarren AKEBAI plataformak ekimenari eskainiko dion babesa da, bai arlo logistikoan, bai ekonomikoan. .

Auzoetatik kantuan

Ekimenaren hasiera auzoka egingo da, Guinessean egin zen bezala: Urkizu-behealdetik abiatuta, Ipurua-Urkitik, Amaña-Legarretik. Auzoetan 12:00etan elkartu ondoren, abesten joango dira Untzagaraino, han elkartu eta kantuan jarraitzeko. Auzoetako elkarguneak honako hauek dira: Urkizu-Azitain (behealdea): Urkizuko parkean; Amaña-Legarre: Legarreko frontoian; Urki-Ipurua: Ubitxako parkean; eta Erdigunea: Untzagan.

Bost abesti aukeratu dira Untzagan abesteko: `Hiru gizon ilustre´, `Eskuetan´, `Euskararen Txantxangorria´, `Euskaraz bizi nahi dut´ eta `Euritan dantzan´”. Abesti horiek, beste bostekin batera, kantu-liburuxka batean bilduko dira, herritarren artean banatzeko.  

Ondoren, “Emon eskua euskeriari” goiburuari lotuta egingo da horma-irudia, Untzagan; 12:30etik 14:00etara.  

Herri- bazkaria

Horma-irudia amaitu ondoren herri-bazkaria egingo da, Untzaga plazan egongo den karpan. 400 lagun bilduko dira bertan. Bazkaria Bizimiña Elkarteak prestatuko du: paella, postrea eta kafea. Bazkarirako txartel guztiak salduta daude, dagoeneko.

Erromeria

Bazkalostean erromeria izango da, Parrapas taldearen eskutik: talde gaztea, eibartarra eta euskalduna dugu, oso egokia okasiorako. 16:00etan hasiko da eta ordubeteko saioa eskainiko dute.

Adierazpen instituzionala

Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala ikusteko SAKATU HEMEN.

etiketak: euskara, adierazpena