Eibar eskubaloiaren dokumentala Ego ibarrako webgunean eskuragarri

JD Arrate eta Eibar Eskubaloiaren inguruan 2022an egindako dokumentala webgune honetan ikus daiteke.
2022an, Eibar Eskubaloi Taldearen 10. urteurrena eta JD Arrateren 75.a ospatzeko, klubak Eibarko eskubaloiaren historiaren inguruko dokumental bat egin zuen. Dokumentala abenduaren 1ean estreinatu zen Coliseo Antzokian.
JD Arrate 1947. urtean sortu zen. Garai hartan, eskubaloi-partidak Untzaga plazan jokatzen ziren, 1980. urtean Ipurua Kiroldegia eraiki zen arte. Klubak harrobia landu nahi izan zuen betidanik; talde asko izan zituen eta baita eskubaloi-eskola bat ere.
Zailtasun ekonomikoak zirela eta, JD Arrate kluba 2011ko irailean desegin zen. Gerora, eta eskubaloiak herrian izan duen garrantzia kontuan izanik, Eibar Eskubaloi Taldea sortu zen.
Hainbat erakunderen laguntza jaso ondoren, bideari ekin zion klubak, eta talde guztiek oinarrizko mailetan hasi behar izan zuten. Egitura amateurra zen, baina Arrateko zenbait jokalari eta teknikari klubean sartu ziren, ahal zen neurrian, JD Arrateren kirol-gaitasunak jasotzeko.
Lehen denboraldiaren bukaeran hamabost talde osatu ziren (4 alebin, 4 infantil, 4 kadete, 2 jubenil eta senior bat). Gaur egun, senior kategorian, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan ere, bi talde ditu klubak.
2022an aurkeztutako zen dokumentala eskuragarri dago webgune honetan, eta baita taldearen webgunean ere.
Eibar Eskubaloi Taldeak hitz hauekin aurkezten du dokumentala:
"Eskubaloia Eibarren" (JD Arrate 75º - 10º Eibar Eskubaloia) "Eskubaloia Eibarren" Eibarko eskubaloiaren inguruko dokumental historikoa, JD Arrate sortu zeneko 75. urteurrenaren eta Eibar Eskubaloiaren 10. urteurrenaren testuinguruan. Gertaera ugariz betetako ibilbidea, dokumental honetan laburbilduta, 2022ko abenduaren 1ean estreinatu zen Eibarko "Coliseo" Antzokian, Eibarko Udalaren eta Eibar Eskubaloiaren eskutik. Eskubaloi talde desberdinetako kide izan direnekin egindako elkarrizketak, Untzagan grabatutako bideoak, bizitako une ahaztezin eta delikatuak... dira dokumentu historiko honetan ikus daitezkeen pasarteetako batzuk, betirako eibartarren ondarearen parte izango dena. Eskerrik asko guztiei eta entitateei beren lankidetzagatik. Koordinatzailea: Gaizka Bilbao. Produkzioa: Aitor Alberdi "Proiektors Kolektiboa". Grabazioa eta Edizioa: Oscar Imedio "Ikusten Servicios Audiovisuales". Marketing eta Diseinuak: Mikel Guerra "Estudio m10". Dokumentazioa: Jesús Gutiérrez. Off-eko ahotsa: Amaia Ugarte. Komunikazioa: Aitor Buendía.