Datorren astean jarduera askotariko programa zabala izango da Arrateko jaietan

Artxiboko irudia. Arrateko jaiak.

Artxiboko irudia. Arrateko jaiak.

2022/09/02

Ospakizunak normaltasunez egingo dira pandemiaren murrizketak atzean laga ondoren. Udalak igo eta jaisteko autobus zerbitzu zabal bat doan jarri du egunez eta gauez hilaren 7 eta 8rako.

Herriko zaindariaren eguna egitarau zabal batekin ospatuko da datorren astean. Aurten normaltasun osoz egingo dira jaiak, pandemiaren eraginez azken edizioetan ezarri behar izan ziren murrizketen ondoren.

Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan, hilaren 7an eta 8an, Kofradiaren eta baserritar erretiratuen egunean izango den jai-egitaraua.

Horren harira, alkateak nabarmendu duenez, “Eibarko sanjoanekin egin genuen bezala, gaur egungo egoerak aukera ematen digu Arrateko jaiak normaltasun osoz antolatzeko, jai honen bereizgarri diren jarduera tradizional guztiak berreskuratuz.  Eta, alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiet herriko erakunde eta elkarteei egin duten lanagatik eta inplikazioagatik, askotariko programa zabal bat osatu eta adin guztientzako jarduerak antolatzeko”.

Bestalde, Kultura zinegotziak zehaztu egin du zein diren aurtengo programazioaren jarduera nagusiak.

Arrateko jaiak datorren asteazkenean, hilak 7, hasiko dira, zaindariaren egunaren bezperan. Egun horretan meza bat izango da Santutegian (18:00), eta ondoren txupinazoa jaurti eta kanpaiak joka hasiko dira. Geroago, 19:00etan, herri-kirolak izango dira.

21:00etan, Eta kitto! elkarteak antolatutako bertso-afaria egingo da Tiro Pitxoia jatetxean. Afarian Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek hartuko dute parte eta Jon Mikel Mujikak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Sarreren prezioa 36 euro dira Eta Kitto elkarteko bazkideentzat eta 38 bazkide ez direnentzat, eta Kultu eta Guridi tabernetan eros daitezke.

Amaitzeko, txosnek antolatutako kontzertu bat izango da 22:30ean, eta Ke te kalles, Alarma Morea eta Maruxa taldeek joko dute.

Arrate egunean, hilak 8, Arrateko igoera egingo da, urtero legez, Ama Birjinaren pausoen bidetik, eta Zesteroko iturrian salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira. Horrez gain, goizean zehar, ‘Kittonbola’ egongo da, kalejira Usartza Txistulari Bandarekin, meza nagusia Santutegian, prozesioa zelaian zehar, Arrateko Ama Birjinaren dantzak Kezka Dantza Taldearekin eta Txistulari Bandarekin, eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Mikel Mendizabal eta German Meabebasterretxea bertsolarien emanaldia.

Arratsalderako honakoak antolatu dira: bertsolarien emanaldi bat, Asola Berri elkarteak antolatutako hiru txirlo txapelketa, dantza solte lehiaketa, non hamar bikotek parte hartuko duten, bost nagusienak eta beste bost 15 urtetik beherakoenak (gonbidapen bidez), eta berbena bat Mugi Panderoren eskutik. Gainera, eta, berritasun gisa, gauez (22:30etik aurrera) beste rock-kontzertu bat izango da txosnen eskutik, eta Alargun Beltzak eta  La Fulana DJ-ak joko dute.

Gainera, egun horretan, alkoholaren kontsumoari buruzko ‘Bete zaitez…, baina emozioz’ informazio-kanpaina burutuko da, alkoholemia-probak eginez.

Kofradiaren eta baserritar erretiratuen eguna igandean (hilak 11) ospatuko da. Simon Aldazabal lasterketaren XXVII. edizioa egingo da, meza nagusia bertsolariekin eta prozesioarekin, paella-lehiaketa eta idi-proben lehiaketa, non Olidenen, Vicente Aretaren eta Iker Zubillagaren idi-pareek hartuko duten parte.

Arrateko jai-egitaraua Eibarko Udalak antolatu du, Andirao, Eta Kitto!, Betikuak eta Eibarko Klub Deportiboa elkarteekin.

Autobusen zerbitzu berezia

Aurreko urteetan bezala, Udalak herritarren eskura jarri du autobus-zerbitzu berezi bat doan igo eta jaisteko, eta ordutegi zabala izango du hilaren 7an eta 8an, Arratera doazenek ibilgailu partikularrik erabili beharrik ez izateko.

Hilaren 7an, Arrate bezperan, autobusak irtengo dira Eibartik Arratera 17:00etatik 21:30era arte, ordu-erdiro. Arratetik Eibarrera jaisteko zerbitzua 17:30ean hasi eta 22:00era arte izango da; autobusak ordu-erdiro irtengo dira Arratetik.

7tik 8ra arteko goizaldean ere autobus-zerbitzua egongo da. Igotzeko ordutegiak 1:00etatik 8:00etara izango dira ordu-erdiro, eta jaisteko 1:30etik goizeko 8:00etara arte.

Hilaren 7an Eibartik Arraterako irteerak Egogaingo autobus geltokitik egingo dira.

Eta hilaren 8an, Ama Birjinaren egunean, hamabi autobus jarriko dira, igotzeko zein jaisteko ibilbidea egingo dutenak etenik gabe egun osoan zehar, goizeko 08:30etik (Eibar-Arrate lehen zerbitzua) 22:30ak arte (Arrate-Eibar azken zerbitzua). Eibarko irteera guztiak Untzaga plazatik egingo dira, Guridi tabernaren paretik.

Era berean, autobus-zerbitzu guztietan maskara nahitaez erabili beharko dela gogorarazten da.

Arratekojaienaurkezpena.jpg
Patxi Lejardi Euskara eta Kulturako zinegotzia eta Jon Iraola alkatea prentsaurrekoan..