Aurten ere tradizioz eta musikaz betetako programazio zabala Aratosteetarako
Publiko guztientzako jarduerak prestatu ditu udalak. Herri-kultura eta kolektiboen inplikazioa, jaietako protagonistak.
2026ko Aratosteak otsailaren 7tik 17ra bitartean ospatuko dira, eta jarduera-programazio zabal bat egongo da, musika, dantza eta tradizioa uztartzen dituzten proposamenekin. Udalak, herriko elkarteekin batera, egitarau zabal bat diseinatu du eta herritarrak gonbidatu nahi ditu jaietan aktiboki parte hartzera.
Jon Iraola alkateak hauxe azpimarratu du: “Aratosteak gure identitate kolektiboaren adierazpen dira, eta aukera ezin hobea kalea, kultura eta alaitasuna partekatzeko. Urtero, harritu egiten gaitu gure herritarren sormenak eta aurten ere halaxe izatea espero dugu”. Halaber, zera gehitu du: “Elkarbizitzarako une bat da, non belaunaldi desberdinak batzen diren. Umeak, gazteak eta nagusiak elkarrekin dantzan ikusteak berezi egiten ditu jai hauek”.
Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak azpimarratu duenez, “eibartarren sormenak erakusten du Aratosteak oso sustraituta daudela herrian, eta jai hauek modu kolektiboan bizi direla, belaunaldi guztiak inplikatuz”.
Jaiak otsailaren 7an (larunbata) hasiko dira, Kezka Dantza Taldeak antolatzen dituen koko-dantzekin. Errebalen 8:30ean bildu, eta gero Mandiola eta Otaola-Kiñarra auzoetan ibiliko dira 9:00etatik 14:00etara; 18:30ean, Errebalen, koko-mokoen dantzak eta abestiak izango dira Mauxitxa Txarangarekin, eta kalez kale ibiliko dira Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barriatik, eta berriz ere Errebalen amaituko dute, 21:15ean. Koko-dantzetan parte hartzeko entseguak otsailaren 5ean (osteguna) egingo dira 19:00etatik 22:00etara, Errebal plazan, eta mozorroak ere han banatuko dira.
Otsailaren 12an (Eguen Zuri), 15:15ean kalejira egingo da eskoletako taldeekin; 17:00etan, Jainagaren trikitilariak musika joka ibiliko dira Urkizutik Untzagara; aldi berean, Untzagan, erromeria egingo da Lisker taldearekin eta makillaje- eta maskara-tailerrak, Astixaren eskutik. 19:00etan mozorro-lehiaketa izango da Galiziaren Etxean.
Otsailaren 13an (Barixakua), kaldereroren kalejira egingo da Urkizutik Untzagaraino. Bertan parte hartuko dute Kezka Dantza Taldeak, …eta kitto! elkarteak, Txolartek, Ustekabe fanfarreak, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariek, Lagun taldeak, Untzagako zentro sozialeko koruak, Kaleetan kantuz-ek eta Jainagaren Trikitixa Eskolak. 20:30ean, Eibarko Klub Deportiboko leihotik, Aratosteetako pregoia egingo da, …eta kitto! elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta. Otsailaren 14an (Zapatua), 12:30ean, kuadrillen kalejira hasiko da Eibarko kaleetatik (Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Zuloagatarren, Toribio Etxebarria), eta Untzagan amaituko da, Ustekabe eta Sin juicio fanfarreek lagunduta. Izen-ematea zabalik egongo da otsailaren 11ra arte. Halaber, photocalla egongo da Untzagan, 12:30etik 14:30era; puzgarriak Errebalen 16:30etik 19:30era, eta txokolatada 18:30ean. Txikientzat, berbena egingo da Untzagan 19:00etatik 21:30era, BADA GIRO taldearekin; eta kuadrilla, taberna eta kartelen sari-banaketa 19:30ean egingo da. Gainera, musika-giroak jarraitu egingo du Latuna Bando txarangarekin, eta 23:30etik aurrera berbena egingo da BADA GIRO taldearekin.
Otsailaren 15ean (Domeka), kalejira egingo da 11:00etan Usartza Txistulari Bandarekin, eta 17:00etan playback lehiaketa izango da umeentzat Untzaga plazan, …eta kitto! Elkarteak antolatuta, eta eguna amaitzeko DJ Arnoren emanaldia egongo da 18:30ean, plaza berean.
Otsailaren 17an (Martitzena), Astixak antolatutako haur-jolasak izango dira Untzagan 17:00etatik 18:30era, eta gero sardina txikiaren entierrua, Jainagaren trikitilariekin.
“Aratosteak Eibarren”kartelen lehiaketa
Urtarrilaren 23an bildu zen 2026ko Aratosteen kartel-lehiaketaren epai-mahaia. Guztira 76 lagunek hartu zuten parte lehiaketan: 31, helduen kategorian; 14, 2011 eta 2014 urteetan jaiotakoen kategorian; eta 31 lagun, 10 urtera artekoan. Helduen mailan, saria Franceso Minopiliren “Bat eginda” obrarentzat izan zen; 11-14 urte bitartekoen mailan, irabazlea Ibai Alfaye Sanz izan zen “Buruhaundiaren buruan” lanarekin; eta 10 urtera arteko kategorian, saria Nora Garate Ariznabarretarentzat izan zen “Gordetako aratosteak” lanarekin.
Egitaraua Eibarko Udalak antolatu du, Usartza Txistulari Bandaren, Galiziako Etxearen, Kezka Dantza Taldearen eta ...eta kitto! elkartearen lankidetzarekin.
Kartel irabazleak

Franceso Minopiliren “Bat eginda” obra.

Ibai Alfaye Sanz, “Buruhaundiaren buruan” lana.

Nora Garate Ariznabarretaren “Gordetako aratosteak” lana.