Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat. Kezka dantza taldeak sortua eta 2005ean ezarria, Arraten dantzatuko da irailaren 8an.

Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat. Kezka dantza taldeak sortua eta 2005ean ezarria, Arraten dantzatuko da irailaren 8an.

Arrateko Amaren dantzak, Kezka dantza taldea. Argazkia: Felipe Loiola

2019/09/04

Arrate antzinatik izan da erromeria leku, hala egiaztatzen dute XVIII mendeko grabatu zahar batek eta hainbat agirik.

San Telmo Museoan dagoen grabatu honek Arrateko zelaian egindako erromeria baten irudia jasotzen du eta soka-dantza bat izan daitekeena ikus daiteke. Arraten, 1913an, Eibarko Udalak ezpata-dantzarien lehiaketa bat antolatu zuen eta han hartu zuten parte Berriz, Antzuola, Donostia, Ermua, Gernika eta Bilboko hainbat dantzarik. Gerraostean, 1944ko abenduaren 8an, Gregorio Santa Kruz dantza-maisu handiaren dantza-taldeak han egin zuen bere estreinaldia; Klub Deportiboaren Kezka Taldeak ere leku hori aukeratu zuen 1958ko Finalisten Egunean eskaini zuen aurreneko dantza-emanaldirako. Txistularientzat eta trikitilarientzat ere leku esanguratsua da: 1927an, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sorrera-batzarra Arraten egin zen eta Ama Birjina Eibarkoa dute orduz geroztik zaindaritzat.  

Arrateko Jaiak - Grabatua XVIII. mendea

Arrateko grabatua, XVIII. mendekoa. San Telmo Museoa

Kezka dantza-taldearen bertuterik handiena tradizioa modernitate bilakatzea izan da; koreografia ikusgarri batean biltzea inguruko dantzen ezaugarri betidanikoak eta Arrate egunean dantzatzeko apropos sortutako dantza sorta berri bereziak, Argia dantzari taldeak 1972an berregin zuen lau lerroko ezpata-dantza makulutzat hartuta. Eta genero bereizketatik gabeko dantzak sortzea, bai jantzien aldetik, bai dantzetan bete beharreko funtzioen ikuspegitik. Eta hori guztia osatzeko, Jose Miguel Laskurain musikari eibartarraren lana,  Eibarko kanta tradizionaletan eta beste hainbat materialetan funtsatua Arrateko dantzei musika ipintzeko.

XXI. menderako sortua izan arren, tradizioan sustrai sendoak dituen dantza-errepertorioa dugu Kezka dantza taldeak irailaren 8an Arraten eskainiko duena.

 

etiketak: egoibarra