Eibarko Udala
Kultura

61.000 pertsona baino gehiago igaro ziren Coliseotik, inoizko kultura-jarduera arrakastatsuena izan duen urtean

2026/01/29
Coliseo Antzokia.
Coliseo Antzokia.

2025ean 285 jarduera hartu zituen Coliseo antzokiak, zinea, arte eszenikoak, musika eta tokiko proposamenak uztartzen dituen programazio zabal batekin. Udalak eta kultura-kolektiboek nabarmendu egiten dute Coliseoak duen papera, Eibarko topagune eta kultura-motor gisa.

Eibarko Coliseo antzokiak asistentzia- eta jarduera-errekor historikoa izan zuen iaz, herriko giro sozial eta artistikoaren funtsezko espazioa dela erakutsiz. Urtean zehar, 61.052 pertsona joan ziren programatutako 285 jardueretara, eta horrek islatzen du bai antzokiak duen jarduera zabala, bai herritarrek kultura-eskaintzarekiko duten interesa. Kopuru horiek erreferente kultural bihurtzen dute antzokia Eibarrentzat eta eskualdearentzat.

Jon Iraola Eibarko alkateak: “Datu hauek erakusten dute Coliseoa herritarrek oso gustuko duten espazio bat dela. Kultura elementu giltzarria da gizarte-kohesiorako eta Eibarko identitaterako, eta Coliseoak oso funtzio garrantzitsua betetzen du askotariko publikoentzako topagune gisa”.

2025eko programazioaren ezaugarriak, berriz ere, aniztasuna eta oreka izan ziren, zinema-, antzerki-, musika- eta dantza-jarduerak uztartuz. Zutabe nagusienetako bat zinea izan zen: 138 ohiko emanaldi Coliseoko hiru aretoetan, 20.127 ikuslerekin, eta dokumentalen eta film laburren 31 saio berezi, 12.021 ikuslerekin. Proiekzio horiek hainbat ziklo eta jaialditan kokatu ziren, hala nola Tinko, Irudi Biziak, Cimasub, Mendia edo Asier Errasti/Javier Aguirresarobe film laburren jaialdian. Betiere aniztasun zinematografikoaren eta tokiko eta nazioarteko ekoizpenen sustapenaren alde egindako apustua erakutsiz.

Zuzeneko emanaldiak ere nabarmentzekoak dira. 99 ekitaldi antolatu dira, eta eskaintza zabala egon da: antzezlanak, musika-kontzertuak, herriko dantza-ikuskizunak eta arte-eskolek eta kultura-elkarteek bultzatutako proposamenak. Antzerki-emanaldietan 11.652 ikusle izan ziren, 45 funtziotan; eta musikan 6.438 pertsona, 23 kontzertutan. Herriko taldeek 28 jarduera antolatu zituzten, zeinetan 9.474 pertsona bertaratu ziren; udal-atalek, berriz, lau jarduera antolatu zituzten, 510 parte-hartzailerekin, eta beste 16 jardueratan 830 lagunek hartu zuten parte.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak balioan jarri du aniztasun hori eta baita herriko kultura-ehunaren inplikazioa ere: “Coliseoa ikuskizunak antolatzeko gune bat baino gehiago da, barrutik eraikitzen den espazio bat da, Eibarko talde eta kolektiboek egiten duten lan etengabeari esker”, adierazi du. Programazio profesionalaren eta herritarren parte-hartzearen arteko konbinazio hori da antzokiaren indargune handienetako bat, eta herritar guztientzako kultura-eragile bihurtzen duena”.

Publikoari irekitako jarduerez gain, antzokia ere bada lan kulturalerako espazioa. 2025ean, hainbat taldek entseguak egin zituzten bertan, hala nola Cielito Musika Bandak, Antzerki Laborategiak eta udalerriko dantza-formazioek; eta horrek guztiak indartu egin du antzokiaren balioa, hiriaren zerbitzura dagoen kultura-azpiegitura gisa.

2007an berriz ireki zenetik, Coliseoak areto nagusi bat dauka (504 butaka eta bi zine-areto), eta programazio egonkorra eskaintzen du, Udalak zein herriko kultura-taldeek antolatuta. Programazio profesionalaren, jarduera komunitarioen eta entsegu-espazioen konbinazioaak gune ireki, inklusibo eta erreferentziazkoa bihurtu du Coliseo herritar guztientzat.

2025eko datuek berretsi egiten dute kultura mailan antzokiak Eibarren eta eskualdean duen garrantzia, eta indartu Udalak kultura irisgarri, anitz eta kalitatezkoaren alde egiten duen apustua. Zenbakiak alde batera utzita, Coliseoak elkartzeko, ikasteko eta gozatzeko lekua izaten jarraitzen du, non herritarrek kulturarekin hainbat modutan konektatzeko aukera izan dezaketen.