Ate joka datoz Aratosteak, tradizioz, musikaz eta kolorez blai

Udalak, herriko kolektiboekin elkarlanean, jai-egitarau zabala antolatu du, adin guztietarako jarduerekin.
Eibarko Udalak 2025eko aratoste-jaien egitarau ofiziala aurkeztu du. Jaiak otsailaren 22an hasi eta martxoaren 4an amaituko dira, gustu zein adin guztietarako jarduerekin. Mozorro-leihaketak, desfileak, erromeriak, musika eta haurrentzako tailerrak… Komunitatean ospatzeko eta dibertitzeko egunak datoz.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du jai hauek herriko kulturaren agendan duten garrantzia. “Aratosteak pozaren eta gure tradizioaren adierazpen dira. Nahi duguna da herritar guztiek, txikienetatik hasita helduenetaraino, egun horietan sortzen den giroaz gozatzea, non musika, sormena eta parte hartzea diren elementu nagusiak. Eskertu egiten dugu herriko elkarte guztien lana, beti bezala, ahalegin handia egin baitute ospakizun hau arrakastatsua izan dadin", adierazi du Iraolak.
Aurten ere ostalariek aukera izango dute beren establezimenduak apaindu eta makillatzeko “Aratosteetan Ondoen Apaindutako Taberna" lehiaketaren saria lortze aldera. Izen-ematea zabalik egongo da otsailaren 10etik 26ra, Udalaren webgunean; epaimahaiak establezimenduak bisitatuko ditu otsailaren 28an, irabazlea aukeratzeko.
Kezka Dantza Taldearen eskutik, koko-dantzariek eta kokomarrauek musikaz eta dantzaz beteko dituzte Eibarko baserri eta kaleak otsailaren 22an (ostirala). Goizean goiz, 8,30ean, elkartuko dira Errebalen, eta egun osoan ibiliko dira dantzan eta kalejiran, Mauxitxa txarangaz lagundurik.
Ostegunean, hilak 27, Eguen Zuri egunean, ikasleak izango dira protagonista eta kalejiran ibiliko dira Urkizutik Untzagaraino, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera. Untzagan makillaje-tailerrak eta maskarak egingo dira Astixaren eskutik, eta erromeria bat egongo da Lisker taldearekin. Egunari amaiera emateko mozorro-lehiaketa egingo da Galiziako Etxean.
Ostiralean, hilak 29, kaldereroen konpartsa ibiliko da kalerik kale, hasi Urkizun eta Untzagaraino. Bertan parte hartuko dute Kezka Dantza Taldeak, ...eta kitto! elkarteak, Txolartek, Ustekabe txarangak, Untzagako adinekoen zentroko abesbatzak eta beste kolektibo batzuek. 20:30ean, Eibarko Klub Deportiboan aratosteetako pregoia egingo da.
Martxoaren 1ean (larunbata), kaleak musikaz eta kolorez blai egongo dira, kuadrillen desfilearekin eta Ustekabe eta Sin Juicio fanfarreekin. “Eibartarrek desfilean parte hartzea nahi dugu. Aukera ezin hobea da kalera irteteko, disfrutatzeko eta Eibar definitzen duen izaera alaia erakusteko. Arratsaldean umeentzako jarduerak egongo dira, txokolatada bat eta photocall bat Untzagan. Kuadrillen, kartelen eta tabernen lehiaketetako sarien banaketak amaiera emango dio egunari, eta berbena bat egongo da Mugi Panderoaren eskutik.
Martxoaren 2an (igandea), kalejira egingo du Usartza Txistulari bandak. Arratsaldean —…eta kitto! elkarteak plazan antolatuta—, playback-lehiaketa egingo da umeentzat. Azkenik, DJ Arnok musika jarriko du Untzagan.
Martxoaren 4an, jaiei amaiera emateko, haur-jolasak eta sardinaren entierrua egingo dira.
Patxi Lejardi jaietako zinegotziak herritar guztiak animatu ditu jai hauetan parte hartzera. "Aratosteak kalean elkartzeko, barre egiteko eta gure tradizioak bizirik mantentzeko egunak dira. Seguru nago oso egun politak izango direla”.
Jarduerak Eibarko Udalak antolatu ditu, Usartza Txistulari bandarekin, Galiziako Etxearekin, Kezka Dantza Taldearekin eta ...eta kitto! elkartearekin batera.
Aratosteak Eibarren 2025: Kartelen Lehiaketaren irabazleak eta Jaietarako deia
Hauek izan dira kartelen leihaketako irabazleak: helduen kategorian, irabazlea Nora Gondat izan da ZaharEtaBerri izeneko obrarekin.
11-14 urte bitarteko kategorian, saritutako kartela Itziar Eiriz Vilaren Hartzaren mozorro gozoak izan da, eta 10 urte artekoen kategorian, Uxue Alberdi Azurmendi, Gora puxikak kartelarekin.
Azpimarratu behar da 110 pertsonak aurkeztu dituztela lanak.
Kartel irabazlea ("Zahar Eta Berri") - Nora Gondat
11-14 urte bitarteko kategoria ("Hartzaren mozorro gozoak") - Itziar Eiriz Vila
10 urte artekoen kategoria ("Gora puxikak") - Uxue Alberdi Azurmendi