Eibarko Udala
egoibarra

“Eibarko kapital sozialaren oinarriak- Las bases del capital social de Eibar” Igor Etxabe ikerlariaren hitzaldia ostegun honetan, hilak 23, Armeria Eskolan, 19:30ean.

2021/09/20
 “Eibarko kapital sozialaren oinarriak- Las bases del capital social de Eibar” Igor Etxabe ikerlariaren hitzaldia ostegun honetan, hilak 23, Armeria Eskolan,  19:30ean.
Eibartik Eibarrera hitzaldi-zikloaren bigarren hizlariak Eibarko kapital soziala izango du hizpide, Armeria Eskolan arreta berezia ipinita.

Economic History Research aldizkarian Etxabe ikerlariak argitaratutako “Social capital in Eibar, 1886-1985” artikuluan dio Eibarko industriak, enpresen arteko harreman formalez harago, ugazabek eta langileek osatutako sare informal trinko bat zuela, eta garrantzizkoa dela hori herriko tailerren bilakabidea ulertzeko.

Armeria Eskolan emango duen hitzaldian argi utziko du pertsona fisiko edo juridiko batek duen kontaktu-sareak inpaktu positiboa izan dezakeela tokian tokiko ekoizpen sistemen informazio trukean, berrikuntza gaitasunean eta enpresa izpirituan.

Hori frogatzeko, lehenik eta behin, Eibarren 1886 eta 1985 artean erregistratutako enpresetako bazkideak aztertu ditu (Social capital in the Basque Country bere doktorego-tesirako erabili zituen datu funtsezkoenetakoak) eta ikerlari zarauztarrak dio emaitzek ez diotela gezurrik: hainbat eta hainbat kasutan, pertsona bera enpresa bat baino gehiagoren jabe bezala ageri dela; beraz,  pentsa daitekeela inbertsiogile hauek zubi-lana egin zutela ezagutzaren hedapenean eta enpresa berrien sorkuntzan.

Kapital sozial horren beste sare-egitura nagusiak aztertuko ditu (Udala, familia-harremanak, kuadrillak, elkarteak…) , baina Armeria Eskolarenean arreta berezia ipinita, enpresa bat sortu duten ikasle ohien arteko loturak aztertuz. Hauxe dio Etxabek: “Eibarko industrializazio prozesuan, herritarren parte-hartzearen adibide asko daude, baina Armeria Eskolaren sorrera eta funtzionamendua da, zalantzarik gabe, hori irudikatzeko adibiderik onena. Nolanahi ere, Armeria Eskolaren ekarpena haratago doa, eta enpresa bat sortu duten ikasle ohien arteko loturak ere aztertu ditut. Ikasturte bereko bi ikasle enpresa desberdinetako bazkide gisa agertzen badira (Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan eskuragarri dauden datuen arabera), enpresa horien arteko komunikaziorako bide berri bat zabaltzen dela uler daiteke. Guztira, 190 enpresa daude erlazionatuta, 813 loturatan (Eibarren erregistratutako enpresa guztien %35,38). 

Hori gutxi balitz, 1950ean Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartea sortu zen, eta hasiera-hasieratik Eibarko eta eskualdeko enpresen elkarlanerako hainbat ekintza burutu ditu (ikastaroak, bidaiak, aholkularitza, laguntza teknikoa, lan-poltsa…), baita enpresarien harremanak saretzeko bestelako ekimenak antolatu ere (txapelketak, bazkariak, hileten ordainketa…). Elkarte honen zuzendaritza batzordearen osaketa bera ere enpresa desberdinak harremanetan jartzeko plataforma izan da. Adibidez, 1972an Ikasle Ohien Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak 18 enpresatakoak ziren.”

Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteari esker antolatutako hitzaldiak argia piztuko digu Eibarko kapital sozialaren inguruan.

Romanones kondea Eibarren

Ezkerretik eskumara: Anitua, Bascaran, Niceto Muguruza, Valentín Echevarria, Julián Echeverria, Benjamín Villabella, Fernando Irusta, Jose Antonio Astigarraga “Moskatela”, Jacinto Orbea, Victor Sarasqueta, Romanones Kondea, Rengilo, Ramón Iriondo, Fermín Calbetón, Eusebio Zuloaga, Astaburuaga, Ciriaco Aguirre eta Francisco Juaristi. Argazkia. Guregipuzkoa. Ojanguren Funtsa.