1932. urteko apirilaren 14an Eibarrek hainbat ekitaldi antolatu zituen II. Errepublikaren urteurrena ospatzeko, besteak beste, "Errepublikaren Sari Nagusia" txirrindularitza-lasterketa.

GAC txirrindulari-taldea (1928), tartean Felix Gojenola. Argazkia: Funts partikularra.

GAC txirrindulari-taldea (1928), tartean Felix Gojenola. Argazkia: Funts partikularra.

2020/04/14

Errepublikaren lehenengo urtearen ospakizunek denetik izan zuten: manifestazioa, txirrindulariak, dantzaldiak, txangoa Madrilera, txistulariak...

Manifestazioa udaletxean hasi eta bertan amaitu zen. Amaieran, Alejandro Telleria alkateak eta beste hainbat hizlarik hartu zuten parte. “Alkate Txiki”ak —herritarrek hala ezagutzen baitzuten— hauxe esan zuen: “Gaur, duela urtebete, hemen bertan batu ginen emozio biziz egin genuena egiteko; eta gure gain hartu genuen erantzukizunaren  handitasuna herritartasunaren eredu eta kemenaren erakusgarri izan zen, herriaren subiranotasunaren inperioa aldarrikatzen duen herri baten oroimena betikotuz, herriaren askatasun- eta demokrazia-sentimenduei ohore eginez, (…). Gure eginkizun arriskutsu hartan garaile atera ginen, eta Eibarrek, hiribildu ausart eta gaur egun hiri eredugarri den honek, loriaren txirrina jo zuen hiritartasunaren eginbeharrak betetzeko orduan."

Egun hartako ospakizunen ekitaldi nabarmenetako bat "Errepublikako Sari Nagusia" txirrindularitza-lasterketaren lehen edizioa izan zen, nazioarteko proba, hemengoez gain, txirrindulari atzerritarrekin osatua.  Luciano Montero izan zen garaile 125 kilometroko etapa bakarreko proba hartan (Markina- Ondarroa- Deba- Elorrio-Arrasate-Bergara-Eibar). 1933ko eta 34ko edizioetan ere Montero anaiak izan ziren garaile, 33an Ricardo eta 34an Luciano.

1935 eta 1936an etapakako proba garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, eta nazioarteko ospea lortu zuen. 'Apirilaren 14ko karrera’ izenez ezagutzen zen lasterketa hark bere arauak zituen, eta 1. artikuluak hauxe jasotzen zuen:

"Eibarko Club Ciclista Eibarrés-ek antolatzen du lasterketa hau, Eibar Hiri Guziz Eredugarriko Udal Gorenak babestuta, entrenatzailerik gabe, Unión Deportiva Eibarresa eta Eibarko Klub Deportiboaren laguntzarekin."

35eko etapak hauek izan ziren: Eibar-Burgos (171 km), Burgos-Madril (198 km), Madril-Burgos (242 kim), Burgos-Eibar (170 km). Irabazlea Salvador Cardona izan zen eta karrerako eibartar bakarrak, Felix Gojenolak, 22. postuan bukatu zuen. Hemen duzue Felix Gojenolari (Eibar, 1912) jasotako lekukotasun bat, garai hartako txirrindularitzaren inguruan:

 

1936ko lasterketak Julian Berrendero izan zuen irabazle, garaiko txirrindulari handienetako bat eta Mis glorias y Memorias liburuaren egilea. Gerrak moztu zuen betiko Errepublikaren sari hura eta gainerako lorpen guztiak.

Julian Berrendero

Julian Berrendero txirrindularia, Errepublikaren Sari Nagusiaren irabazlea (1936)

etiketak: egoibarra