Genero-indarkeriaren aurkako irakurketa-gida berria, Andretxeko Maistrak Liburutegiarekin lankidetzan
Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Andretxeko Maistrak Liburutegiak 2025eko irakurketa-gidako liburuak jarri dituzte ikusgai, genero-indarkeriaren inguruko hausnarketa sustatzeko eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin
Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Andretxeko Maistrak Liburutegiak (Eibarko Udaleko Berdintasun Arloa) aurkezten dute “Azaroak 25: Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna” irakurketa-gida. Argitalpen bateratu hau berdintasuna sustatzeko, kontzientzia pizteko eta irakurketa ikuspegi genero-berdintasunetik dinamizatzeko konpromisoaren baitan kokatzen da.
Gidak arretaz aukeratutako lanen sorta bat biltzen du — entseguak, narrazioak, komikiak, gazte-fikzioa… — eta genero-indarkeria, emakumeen salerosketa, harreman toxikoak, biktimen memoria eta maskulinitate berrien eraikuntza bezalako gaiak jorratzen ditu. Besteak beste, gida honetan aurki daitezke honako tituluak: “A mí no me ha pasado nada: por qué normalizamos la violencia sexual contra las mujeres”, “Adicta a un gilipollas: supera tu adición emocional a una relación tóxica”, “Desearás estar bajo tierra” edo “Corazón de siete leguas”.
Bestalde, liburutegiak erakusketa bat antolatu du gidako liburu hautatuekin, azaroaren 10etik 30era bitartean ikusgai egongo dena liburutegiaren sarrerako gunean (Portalea, lehen solairuan). Helburua da liburuak herritarren eskura jartzea, irakurketak ikusgarri egitea eta gogoeta eta elkarrizketa sustatzea.
Berdintasun Arloarekin egindako lankidetza honen bidez, gidak ez ditu soilik irakurketak proposatzen, baizik eta tresna garrantzitsua da indarkeria matxisten aurrean sentsibilizazioa lantzeko. 2025ean, “Indarkeria matxistarik ez! Aitorpena, erreparazioa eta memoria” lelopean, “azaroaren 25eko programazioak mundu osoko hainbat kolektibok sustatutako memoriaren lekuak ezagutzeko proposamenak jasotzen ditu, emakumeok modu sistematikoan aurre egiten diegun indarkeriak erreparatzeko; indarkeria matxista kasuen aurrean ditugun defentsa eta salaketa aukerei buruzko informazioa jasotzen du, baita helduentzako ipuinak ere, non zauriak ondo josteko errezeta emango zaigun.”
Gonbidapen irekia: herritar guztiak — irakurleak, elkarteak, irakurketa-taldeak eta ikasleak — gonbidatuta daude bi liburutegietara hurbiltzera, gida kontsultatzera, erakusketako liburuak ezagutzera eta irakurketa kritiko eta sozialaren aldeko ekimen honetara bat egitera.
Informazio gehiago nahi dutenek liburutegiarekin harremanetan jar daitezke 943 708 437 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: liburutegia@eibar.eus