XV. Juan San Martin beka deialdian izena emateko epea zabalik urriaren 12ra arte

Eibarko Udalak eta UEUk prentsaurrekoa egin dute elkarlanean antolatzen duten bekaren azken deialdiaren aurkezpena egiteko.
Filosofia da aurtengo Juan San Martin bekaren ikerketa-esparrua. Interesatuek proiektuak irailaren 1etik urriaren 12ra bitartean aurkeztu beharko dituzte elektronikoki www.eibar.eus webgunean.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutu behar dira, eta ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du. 18 hilabeteko iraupena du eta 9.000€ko diru-zenbatekoa.
Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak HEMEN.
Aurkeztutako proiektuen artean epaimahaiak merezimendu lehiaketa bidez puntu gehien lortzen dituena hautatuko du, eta Alkateak berari esleituko dio beka.
Beka esleitzeko honako arlo hauek hartuko dira kontuak:
- Eskatzailearen espediente akademikoa eta curriculuma (0-10 puntu)
- Ikerketa proiektuaren interesa, zuzentasuna eta balio zientifikoa, originaltasuna eta bideragarritasuna (0-30 puntu).
- Eibarko Udal Artxiboaren edo/eta UEUk Markeskoan duen fondoen erabilpena dakarren gaia izatea edo/eta Eibarrekin harreman zuzena duena izatea (0-10 puntu)
Juan San Martin bekaren ibilbidea
Duela 20 urte kaleratu zen lehen deialdia eta 12 izan dira 9.000 €ko beka jaso duten lanak. Bekaren bidez euskarazko ikerketa sustatu nahi da eta Juan San Martin ikertzaile eibartarra omendu.
Juan San Martin beka 2001. urtean sortu zen Eibarko Udalaren eta UEUren arteko lankidetzan. Lantzen diren ikerketa esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landutakoak dira: Antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea.
2001etik 2009ra bitartean urtero egiten zen beka deialdia. Urtebeteko beka izaten zen eta bertan bi ikerketa-esparru desberdineko lanak aurkezteko aukera zegoen. 2009. urtetik aurrera beka deialdia bi urterik behin egiten da eta ikerketa-esparru bakarreko lanak aurkezteko aukera dago. Hauek dira urte horietako irabazleak:
- 2001: Patxi Salaberri Zaratiegi, "Euskal deiturategia: patronimia".
- 2002: Gotzon Iparragirre Burgoa, "Liberalismoa Eibarren XIX. Mendean". Argitalpenaren izenburua: Debarroko Oasi Liberala. Aitzindarien bila. Eibar, 1766-1876.
- 2003: Aitor Gerenabarrena Osa, Asier Arregi Hernandez eta Imanol Manterola Agirrezabala, "Debabarreneko landaredia ibilbideen bitartez".
- 2004: Idurre Alonso Amezua, "Euskal literatur sistema eta hierarkizazio prozesuak irakaskuntzan".
- 2005: Joxe Azurmendi Otaegi, "Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua".
- 2006: Maia Duguine Haristoy, "Argumentu isilen tipologiatik orotariko teoriara".
- 2007: Aitzol Loiola Idiakez, "Gaztedia Eibar herriaren giza eraikuntza-eraldakuntzan".
- 2008: Ikerketa-esparruak: Artea eta mendizaletasuna. Epaimahaiak ahobatez erabaki zuen beka hutsik geratzea.
- 2009: Javier Muñoz Fernandez, "Gerraosteko Euskal Herriaren eraikitzea. Eibarko berreraikuntza lanak".
- 2011: Haritz Monreal Zarraonandia, "Mendizaleen literatura: narratiba biografikoaren azterketa konparatiboa" (bukatu gabea).
- 2013: Maialen Odriozola Martija, "Pantaila bete ahots. Ikerketa esploratzaile bat eibar.org-en inguruan".
- 2015: Josu Ozaita Azpiroz eta Jaime Altuna Ramirez, "Halloween edo Animen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa". Argitalpena: "Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa".
- 2017: Ikerketa-esparrua: Arkeologia. Epaimahaiak ahobatez erabaki zuen beka hutsik geratzea.
- 2019: Josu Martinez Martinez, "Irudiz eta euskaraz".